Esana zuen Albano Dante Fachinek ez zetorrela bat Podemoseko buru Pablo Iglesiasek bultzatutako galdeketarekin, eta gaur prentsaurrekoan iragarri du ezen, zuzendaritzan duen kargua ez ezik, alderdia bera ere utzi duela, "koherentziagatik". Fachinek salatu du Madrildik egin nahi dutena ez dela Catalunya En Comurekin bozetara aurkezteari buruzko galdeketa, "inposizio bat" baizik.
Abenduko bozetara aurkeztuko den galdetuta, berriz, Fachinek zehaztu du Podem utzi izanak ez duela esan nahi beste alderdiren batean sartuko denik, baina ezta ere hauteskundeetara aurkeztuko ez denik: "Ez naiz beste alderdi bateko zerrendetan sartuko. Erakunde desberdinen arteko akordio bat posible bada eta niretzako tokirik bada, joango naiz, baina ez alderdi baten izenean. Ez naiz joango ez ERCren zerrendetan eta ezta CUPenetan ere".
Fachin hasieratik agertu izan da ezkerreko alderdien zerrenda bateratu baten alde, eta hala egin du gaurko agerraldian ere, nabarmenduz zerrenda horretan tokia legokeela orain arte Podem Catalunyako kide izan direnentzat. Hala, Badalona en Comuren adibidea ekarri du gogora, non bat egin zuten CUPeko, EUiAko eta POdemeko hautagaiek.