Darfurko egoera bere horretan da, eta indarkeriak ez du etenik izan bozen ostean

Dozenaka lagun hil dira azken egunotan hegoaldean, milizianoen eta tribuen arteko borroketan

Erredakzioa
2010eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Indarkeriak ez du etenik Darfurren. Sudan mendebaldeko eskualde horretan dozenaka lagun hil dira azken egunotan milizianoen eta tribuen arteko borroketan. Sudan Askatzeko Herri Armadaren eta tribu arabiar baten arteko istiluetan 55 lagun hil eta beste 140 zauritu ziren iragan ostiralean. Rizeigat tribuko bozeramaileak hildako guztiak bere tribuko kideak zirela eman zuen aditzera. Mohamed Eisa Uluiren hitzetan, hegoaldearekiko mugan abereentzako janaria eta ur bila ari ziren tribuko nomadei eraso egin zieten milizianoek. Sudan Askatzeko Herri Armadak hegoaldea kontrolatzen du, eta, haren arabera, milizia arabiarrak izan ziren erasoa hasi zutenak.

Sudan Askatzeko Herri Mugimenduko talde armatua zen gerrilla eta bi hamarkadaz aritu zen borrokan iparraldearekiko independentzia eskuratzearren. 2005. urteko bake akordioaren ostean hegoalde autonomoko indar militar bakarra da Sudan Askatzeko Herri Armada.

Al Masiria tribu arabiarrak, bestalde, ohartarazi du rizeigat tribuko kideen heriotza mendekatuko duela. Sudan Tribune egunkariaren arabera, tribuko kideek inguruko hiru herrixka erre zituzten erasoak piztu aurretik, eta, milizianoen kontra baino lehen, messeriya eta turgum tribuko nomadekin ere borrokatu ziren garai batean lurrak kontrolatzeko. Hildako eta zaurituen inguruan batzuk eta besteek emandako kopuruak ez direla bat etortzen adierazi du ere egunkariak.

Darfurko eremu menditsuan giza laguntza banatzeko arazoak dituztela jakinarazi du, bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeak. George Charpentier erakundeko ordezkariaren hitzetan, eremu horretan 100.000 lagun bizi dira eta, garai lehorra tarteko, euren egoerak okerrera egin dezake.

Sudango armada eta aliatu dituen hainbat miliziano ezkutuan bilerak egiten ari direla eman dute ere aditzera hainbat informazio iturrik, eta baliteke JEM Justizia eta Berdintasuna Mugimenduaren kontrako erasoaldia prestatzen aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.