SUDANGO KRISIA

Darfurren «genozidioa» gertatzen ari dela ebatzi du AEBetako Kongresuak

Sudanen esku-hartzeko deia egin dio nazioarteari George Bush Etxe Zuriko buruak

Erredakzioa
2004ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Sudango mendebaldean dagoen Darfur eskualdean «genozidioa» gertatzen ari dela ohartarazten duen ebazpen bat onartu zuen herenegun gauean AEB Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak. Senatuak eta ordezkarien ganberak osatzen duten erakundeak aho batez onartu zuen ebazpena: «Darfurren gertatzen ari den basatikeria, jada, genozidioa da». Etxe Zuriari eta nazioarteari erantzuleen kontrako zigorrak ezartzeko eskatu zien Kongresuak, hala nola, errefuxiatuak eta lan humanitarioa egiten ari diren pertsonak babesteko neurriak hartzeko. George Bush AEBetako presidenteak esku hartzeko deia egin zion nazioarteari, eta miliziak desarmatzeko eta indarkeria bertan behera uzteko eskatu zion Khartumi.

Iazko otsailetik eskualdean 30.000 pertsona hil dituztela eta beste 1.200 milioi pertsonak ihes egin behar izan dutela zehazten da ebazpenean 200.000 pertsona Txaden babestu dira. «Munduak eztabaidatzen jarraitzen duen bitartean, jendea hiltzen ari da bertan. Bizitzak salbatzen egon beharko ginateke. Gerodamutu egingo gara gehiago egiten ahal genuela pentsatzean», esan zuen Sam Brownback senatari errepublikanoak.Khartum bere eskutan dagoen guztia egiten ari da egoerari irtenbide bat bilatzeko, baina matxinoek su-etena hautsi dutela zehaztu zuen Elfatith Mohamed Erua Sudanek NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak. Sudango Atzerri ministro Mustafa Osman Ismaelek, berriz, herrialdearen barne arazoetan ez sartzea ohartarazi zien Washingtoni eta Londresi.Segurtasun Kontseiluan ebazpen berri bat hitzartzeko testua eztabaidatzen aritu ziren herenegun. Bertan janjauid milizia arabiarrak desarmatzeko hogeita hamar eguneko epe bat ezartzen zaio Khartumi, eta, bete ezean, zigorrak ezarriko zaizkiola ohartarazten zaio. Segurtasun Kontseiluak ebazpena aurki bozkatuko duela eman zuen aditzera nazioarteko erakundeko idazkari nagusi Kofi Annanek: «Bilera positiboa izan zen. Nire ustez arrakastatsua izango da bozketa». AEBetako Estatu idazkari Colin Powellek, berriz, ebazpena «datozen egunotan» eztabaidatuko dutela esan zuen: «Aurrekoa baino gogorragoa bada ere, sostengu zabalagoa du». Sudango Gobernuari miliziak babestea eta errefuxiatu eremuen segurtasuna ez bermatzea leporatu zion: «Hondamendia izugarria da. Agintariak milizianoak sostengatzen hasi ziren eta orain ezin diote laguntzeari utzi. Argi utzi genuen babesa kentzen ez badiete ondorioak izango direla». Khartumek behin ete berriro ukatu egin du miliziak sostengatu izana. HRW Human Rights Watch erakundeak aste honetan argitara emandako dokumentuetan, agerian gelditzen da gobernuaren eta miliziaren arteko harremana. «Absurdoa da milizien eta gobernuaren indarren artean bereiztea», esan zuen erakundeak Afrikan duen zuzendari Peter Takirambuddek.

Krisi humanitario larriena

Darfur eskualdeko SLM Sudan Askatzeko Mugimenduko eta MJE Justizia eta Berdintasunaren aldeko Mugimenduko matxinoak iragan urteko otsailean altxatu ziren. Bertan bizi diren herritar beltzak miseria gorrian izatea leporatu zioten Khartumi. Sudango Gobernuak, alta, milizia arabiarrak trebatu zituen matxinoei aurre egiteko. Basamortuko nomada musulmanak janjauid izenez ezagun egin diren milizietan eratu eta mendebaldeko matxino eta herritarren kontrako borroka abiatu zuten iazko ekainean. Nazioarteko komunitateak «garbiketa etnikoa» egitea leporatu dio miliziari eta gobernuari, hilketak eta bortxaketa barne.

Darfurrena azken urteetako krisi humanitario larriena dela ohartarazi zuen NBEk.

-

ARMA BAHIMENDUA



 

Errusiak, Txinak eta Espainiakurratu egin dute





Nazioarteak 1994. urtean Sudani ezarri zion arma bahimendua urratzea leporatu zioten atzo Errusia, Txina eta Espainiari. AI Amnesty International eta Greenpeace erakundeen arabera, 2003. urteko otsaila eta iragan urtarrila bitartean, Espainiak arma arinak eta munizioak saldu zizkion Khartumi salmenta 8.000 eurokoa izan zen. Orotara hamar esportazio agiri aurkitu dira; sei Espainian Madrilgo aireportuan, bat Galizian Lugon eta Bartzelonako portuan bestea.

Moskuk MIG-29 hamabi gerra hegazkin saldu berri dizkio Sudani. Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Alexandr Iakovenkok salmentaren hitzarmena 2001ean «bi gobernuen arteko akordioa indarrean zegoenean» egin zela argusiatu du: «Errusiak zorrozki betetzen ditu armagintza salmentaren akordioak». Washingtonek gogor salatu zuen atzo salmenta, eta «terrorismoa finantzatzea» leporatu zion Moskuri. Txinak ere armak saldu dizkio Khartumi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.