Errusiako Parlamentuak edo Dumak lehen bilera egingo du hilaren 21ean, hauteskundeetako emaitzen aurkako protestei entzungor eginez. Errusiako presidente Dmitri Medvedevek dekretua sinatu du Duma osatzen duten beste lau alderdietako buruekin, lanean hasteko ahalmenak emanez. Dena den, bozetan izandako iruzurren aurkako salaketak ez dira amaitu. Ivan Melnikov alderdi komunistako buruaren esanetan, bozetako iruzurra izango da Dumako bileran eztabaidatuko duten gai nagusia, eta Sergei Mironov alderdi sozialdemokratako buruak «hauteskundeak ikertzeko» eskatu du, alderdiak «egia jakiteko eskubidea» duela esanez.
Protestei erantzunez, Medvedevek adierazi du justizia egingo dela frogatutako iruzurren aurrean: «Hauteskunde batzordeak salaketa eta protesta guztiak aztertuko ditu, eta frogatutako iruzurren aurrean bidezko erabakiak hartu beharko ditugu». Dena den, Mikhail Gorbatxov SESBeko buruzagi ohiaren arabera, Errusiako agintariek dimisioa aurkeztu behar dute: «Argi ikusten dut agintarien jokabidea. Hauteskundeen ondoren Gabonak datozenez, jendeari iruzurra ahaztu egingo zaiola pentsatu dute. Baina ezin dugu egoera besterik gabe igarotzen utzi. Agintariek dimisioa aurkeztu behar dute, eta bozak berriz egin behar dira».
Garaipena ziurtatua
Errusia Batua alderdiaren ustetan, hauteskundeetako iruzurrek ez diete garaipena kenduko. Vladimir Putin Errusiako lehen ministroaren esanetan, gehiengo absolutua mantenduko du alderdiak: «Bozetan aurkitutako iruzurrek ez dute eragingo emaitzetan, ezta lortutako botoen %10ean ere ez». Horrez gain, Boris Grizlov Errusia Batua alderdiko zuzendariak esan du iruzurrak ikertuko dituztela: «Argi dago salaketak aztertuko direla, izan ere, irregulartasunen inguruko 729 protokolo onartu ziren bozetan».
Bestalde, Kommerstant aldizkariko editorialeko bi zuzendari kaleratu dituzte, Putinen aurkako argazki bat argitaratzeagatik.
Datorren astean bilduko da Duma Errusian, protestak jarraitu arren
Bozen aurkako protesta geratu ez bada ere, lanean hasi da Dmitri Medvedev Errusiako presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu