Quim Torra Kataluniako presidenteak aurreratu duenez, datorren ikasturterako «milaka» irakasle kontratatzea aztertzen ari da Kataluniako Generalitatea. Catalunya Radio irratian egindako elkarrizketan iragarri du berria Torrak, baina ez du zehaztu «milaka» horiek zenbat izango liratekeen. Irakasle gehiago kontratatzeaz gain, datorren ikasturterako eskola bakoitzak egungo eremuaz gain beharko lukeen tokia aztertzeko ikerketa bat ere abiatuko dutela nabarmendu du Torrak. Liburutegiak eta ludotekak ikasgela bihurtzeko aukera zabaldu du Torrak.
«Milaka irakasle aipatzen ditudanean, ehuneko hagitz altuaz mintzatzen ari naiz. Gainera, eskola gune gehiago ere beharko ditugu, eta hori eskolaz eskola aztertuko beharko dugu», nabarmendu du Torrak. Argi utzi du tokian tokiko entitateekin hitz egingo dutela horretarako.
«25 miloi euroko aurrekontua dugu, eta kopuru horrek ezartzen du egiten ahal dugunaren muga», nabarmendu du Torrak. Hala, nabarmendu du 9.500 miloi eurokoak izan direla kultur sektoreko galerak, 15.000 miloi eurokoak turismo alorrekoak eta 5.000 miloi eurokoak osasun larrialdiak eragindako kostuak. Egungo egoerari aitzin egiteko, Espainiako Gobernuari eskatu dio Kataluniarekin duen «zor historikoa» ordain dezala eta %1eko zorpetze maila onar dezala.