Argituz doaz Kataluniako balizko erreferendumaren xehetasunak. Azkenak Generalitateko presidente Carles Puigdemontek berak eman ditu RAC1 irratiari eskainitako elkarrizketan. Bertan adierazi du bi data posible aztertzen ari direla galdeketa egiteko, irailaren 17a eta 24a. Horretaz gain herritarrek erantzun beharreko galdera ere aurreratu du: "Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea?".
Puigdemontek herenegun zehaztu zuen legealdia amaitzeko bere asmoa: uztailera bitartean, estatu independentea eratzeko egitura juridikoak sortu, eta haiek onartzeko erreferenduma 2017ko irailean egitea. Espainiarekin adosten ahaleginduko da, baina, erantzunik jaso ezean, bere kabuz antolatzeko prest dago gobernua.
Generalitetko presidenteak, ordea, ohartarazi du prozesuak aurrera egingo badu beharrezkoa dela aurrekontuak onartzea, nahiz eta aitortu horiek ez dutela "txeke zuri bat" izan behar. "Aurrekonturik gabe ez dugu legealdia aurreikusi bezala amaitzeko tresnarik izango. Aldiz, horiek onartzeak esan nahiko du independentziaren aldeko 72 diputatuak bat eginda daudela independentziarako bidean".