BESTE BATASUNA. FAROE UHARTEAK. JOGVAN MORKORE

«Datozen 4 urteetan burujabetza prozesua baztertuko da»

2004ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Faroeetako Unibertsitateko Zientzia Politikoen irakasleak esan du independentziazaleek ezin izan dituztela beren xedeak lortu eta horregatik galdu dutela babesa.

Zer dago Gobernuan sortu den krisiaren atzean?

Orain arte agintean zegoen koalizioak sei urte egin ditu agintean. Duela bi urteko hauteskundeen ostean, barne borroka handiak sortu ziren eta Kallsbergen iraganeko kontuekin argitaratu den liburua gainezka egiteko azken ur tantoa besterik ez da izan.

Zein izan ziren arazo nagusiak?

Zaila da esatea. Orain hiru urte piztu ziren tirabirak, Danimarkarekiko negoziazioak izan zirenean. Lau elkarrizketa egon ziren, baina ez zuten fruiturik eman. Kontua zen nola egin aurrera, horren ondoren. Aukeretako bat zen NBErekin harremanetan jarri eta Faroeak nazio gisa aldarrikatzea, nazioarteko komunitatea esku-hartzera bultzatu eta Danimarkan presioa egiteko. Baina lehen ministroak uko egin zion NBEri agiri hori bidaltzeari. Orduan piztu zen krisia. Ondoren, Danimarkatik jasotzen dugu dirutza murrizten joatea erabaki zuten, burujabetza lortzen joateko. Horrek ere atzeratu egin zuen subiranotasun osoa lortzeko prozesua, ordea, gutxienez 10 urterako.

Inkesten arabera, errepublikanoak izango dira galtzaile nagusiak bozetan. Zer uste duzu gertatuko dela?

Inoiz ez dakizu. Alderdien arteko aldeak murrizten joango direla uste dut, baina ziurra da unionistek irabaziko dutela. Gakoa zera izango da, hurrengoa nor izango den. Errepublikanoek sostengua galdu dute. Beti esan zuten nahiago zutela subiranotasuna 'gaur bihar baino' eta kontserbadoreek [Herri Alderdiak] hobe dela agian 'bihar gaur baino'. Errepublikanoek babesa galdu dute ez dutelako arrakastari izan beren planteamenduan. Jendeak pentsatzen du haien aukera galdu dutela denbora baterako eta beste gai batzuk ere, sozialak adibidez, mahaiaren gainean jarri behar direla. Independentzia lortzeko baldintzetako bat errepublikanoen eta kontserbadoreen arteko aliantzari eutsi ahal izatea da, eta zentroko alderdiak erakartzea. Baina erakutsi dute ez direla gai elkarrekin egoteko.

Zein izan daiteke bigarren alderdi nagusia?

Kontserbadoreak, sozial demokratak edo... ezin da Alderdi Errepublikanoa baztertu. Oso parekatuta daude hirurak.

Nork osatuko du Gobernua?

Bozak irabazten dituena izango da Gobernua osatuko duena. Unionistek osatuko dute eta horretarako sozialdemokratekin negoziatuko dute lehenengo. Beste aukera bat kontserbadoreekin gobernatzea izango da.

Nola eragingo dio subiranotasun prozesuari?

Zalantzarik gabe, denbora batez, datozen lau urteetan, burujabetza prozesua baztertuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.