Hauteskundeak Tunisian

Datu ofizialen faltan, bigarren itzulia izanen da Tunisian

Beji Caid Essebsi, Nida Tunis koalizio sekularreko hautagaiak jaso du boto gehien, baina ez du %50ko langa gainditu. Bigarren itzulian izango da, Moncef Marzuki azken presidentearekin aurrez aurre.

Presidentea hautatzeko lehen itzulia egin zuten atzo Tunisian. MOHAMED MESSARA / EFE
2014ko azaroaren 24a
10:31
Entzun

Hauteskunde batzordeak asteazkenerarte du datu ofizialak emateko epea, baina horien faltan, garaile nagusia utzi dute Tunisiako presidenterako hauteskundeek: bozkalekuetan egindako inkesten arabera, botoen %47,8 eskuratu du Beji Caid Essebi hautagaiak, Nida Tunis koalizio sekularrari garaipena emanez. Essebik, ordea, ez du %50ko langa gainditu, eta bigarren itzulian lehiatu beharko da. Moncef Marzuki egungo presidente eta CPR Errepublikaren aldeko Biltzarra alderdiko burua izango du aurkari. Inkesten arabera, botoen %26,9 eskuratu du. Hirugarren izan da Hama Hamami ezkerreko Fronte Popularreko hautagaia; herritarren %10,2ak eman dio babesa. Hamamiren arabera, atzoko hauteskundeekin "demokrazia sendotzeko urrats handia" eman du Tunisiak.

Hain zuzen ere, hurrengo hilabetean beteko dira lau urte Mohamed Buazizi gazteak bere buruari su eman eta matxinada piztu zuenetik, eta geroztik egindako presidenterako lehenengo hauteskundeak izan ziren atzokoak. Bi aurkari nagusien arteko lehia gisara aurkeztu da hautaketa. Essebik, muturreko islamisten aliatu izatea leporatu dio Marzukiri; honek, ordea, matxinaden aurreko sistemaren oinordeko izatea egotzi dio Nida Tunis koalizioko buruari. Fronte Popularrak aste honetan jakinaraziko du bi hautagaietako zeinentzat eskatuko duen bozka bigarren itzulian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.