David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi du "tristea" izango litzatekeela Eskozia Erresuma Batutik independizatzea, eta lurraldea erresumaren barruan "hobeto" egongo dela gaineratu du. BBC telebista katean egin ditu adierazpenok, Edinburgora joan aurretik. Han Alex Salmond Eskoziako lehen ministroarekin bildu da arratsaldean.
Bileran "ekonomiaz eta lana lortzeko beharraz" hitz egin dutela esan du Cameronek, baina independentzia eta autonomia gaiei dagokionez "aurrerapausurik" ez dutela eman adierazi du. Aurretik esan bezala, elkarrekin jarraitzea proposatu dio Erresuma Batuko lehen ministroak Salmondi eta Eskoziari eskumen gehiago emateko asmoa adierazi dio, independentziak aurrera ez egitekotan. Eskoziako lehen ministroak ordea eskumen horiek zeintzuk diren finkatzeko eskatu dio.
"Erresuma Batuan jarraitu nahi duzue? edo Erresuma Batua utzi nahi duzue?"
Erreferenduma 2014ko udazkenean egitearen alde agertu da Salmond baina ez dute data zehatzik ezarri. Ez dute adostasunik lortu erreferendumean egingo litzatekeen galderaren inguruan ere, baina Cameronen hitzetan galderak argia eta zuzena izan behar luke: "Erresuma Batuan jarraitu nahi duzue? edo Erresuma Batua utzi nahi duzue?"
Erantzuna Erresuma Batuan jarraitzea izatea espero du Cameronek. "Ez dut esaten Eskoziak ezingo lukeela bakarrik moldatu, noski ahalko lukeela, Ingalaterraren antzera, baina espero dut hori ez gertatzea", esan du lehen ministroak bilerara joan aurretik. "Hobeto gaude, indartsuagoak gara elkarrekin, bidezkoagoak gara elkarrekin, aberatsagoak gara elkarrekin".
"Gauza asko lortu ditugu elkarrekin, eta gauza handiak egiten jarraitu dezakegu", gaineratu du.