Milizia errusiazaleen esku geratu da Debaltseve, armadak amore eman ostean. Petro Poroxenko presidenteak berak iragarri du jada soldaduen %80 irten direla hiritik eta datozen orduetan aterako direla gainontzekoak. "Lehendik planeatu eta antolatutako" irteera izan dela nabarmendu du estatuburuak.
Bestelakoa da, ordea, eman duten itxura. Izan ere, atzo armadako bozeramaileek zioten hiriaren kontrolari eutsiko ziotela; gaur, aldiz, erretiratu egin behar izan dute.
Joan den larunbat gauerdian su-etena aldarrikatu zuten arren, borroka gogorrak izan dira azken egunetan Debaltseven eta inguruetan, akordioa kolokan jartzeraino. Miliziek, ordea, hasieratik iragarri zuten hiria hitzarmenetatik kanpo geratu zela eta han eurena zela agintea.
Bestalde, milizietako buruzagiorde Eduard Basurinen esanetan, 3.000 soldadu ukrainar inguru hil dira Debaltseven izandako borroketan.