Defentsarako sistema ezarriko du Pakistanek, AEBen erasoak saihesteko

Asif ali Zardari presidentea ez dago gaixorik; armadak bota du, Islamabadeko hedabideen arabera

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Pakistanen eta AEBen arteko harreman liskartsuen erdian jarri dute berriz ere Asif Ali Zardari presidentea, Osama Bin Laden Al Kaedako buruzagia hil zutenean bezala. Pakistango hedabideetan ez dago besterik: presidentea ez da gaixotu, ez da bihotzekoak jota joan Dubaira: dimisioa eman duedo armadak kendu du kargutik, Washingtonekin duen harreman estuagatik, dionetez. Armadak, ordea, ez du adierazpenik egin gaiaren inguruan. Jakinarazi du, hori bai, Islamabadek aire defentsarako sistema ezarriko duela Afganistanekin duen mugan, AEBren joan den hilabeteko erasoak bezalakoak saihesteko.

24 soldadu hil zituzten orduan Afganistango muga zeharkatu eta Pakistango bi kontrol guneren aurka eraso egin ostean. AEBek «hutsegitea» izan zela esan arren, Pakistanek uste du zehatz- mehatz planifikatutakoa izan zela. «AEBen beste erasoren baten beldurragatik» jarriko duten sistemaz Ashfaq Nadeen Operazio Militarren zuzendari nagusiak eman ditu xehetasunak. Eraso hark Afganistanera begira bi herrien artean duten koordinazio lana erabat hautsita utzi du, eta, horregatik, beharrezkoa da segurtasun sistema, Nadeenen arabera. Gidaririk gabe AEBek gero eta maizago erabiltzen dituzten hegazkinak kontrolatzeko ere erabiliko dute.

Pakistanen eta AEBen arteko harremanetan tentsio handia dagoen beste seinaleetako bat da armadak hartutako erabakia, baita Zardarirena ere, komunikabideek esaten dutena baieztatuko balitz. Armadaren eta Zardariren arteko ezinikusia jakina da, Washingtonera maizegi aritzen delako. Osama Bin Laden hiltzeko AEBek egindako operazioaren ondoren sortu zen haren inguruan nahikoa eskandalua, eta Hussein Haqqani enbaxadorea, ustez Zardarik AEBei egindako eskaeraren mezularia, kargutik kenduta bukatu zuten arazoa. Bin Laden hil ostean sortutako zalaparta isiltzen laguntzeko eskaera egin zuen Haqqanik Washingtonen, baina Zardarik ukatu egiten du horren atzean egon izana.

Orain, ordea, berriz dago pakistandar guztien ahotan. Haren gaixotasunaren inguruan agintariek eman dituzten bertsioen ondorioz ere indarra hartu du Zardari bidali egin dutelako usteak.Berak, ordea, «ongi» dagoela esan dio Pakistango telebistako aurkezle ezagun bati, eta agindu du laster itzuliko dela etxera. «Alde egiten dutenak seme-alabekin joaten dira, eta nik semea Pakistanen daukat. Nire etsaiak desilusionatuta geratuko dira». AEBek ere gauza bera eskatu dute: «Ez da espekulatu behar», ongi dagoelako. «Tratamendua hartzera joan da Dubaira», Hillary Clinton Estatu idazkariaren arabera. Bin Ladenen heriotzaren ondoren «estres handia» izan duela eta, Asim Aswan analista ez du harritzen bihotzekoak edo beste ezerk eman izanak, armadak ez ezik herritar gehienek ere AEBekin duten harremana bertan behera utzi nahi dute eta. Manifestazioak daude egunero hori eskatzeko.

Bin Ladenen ikerketa

Osama Bin Ladenen heriotza ikertzen duen batzordeko arduradunak, Javed Iqbalek, ikerketa publiko egingo duela jakinarazi du. Iqbalek ez du oztoporik ikusten jendeak jakiteko zer ondorioztatu duten, baina gauza da bazterrak harrotzeko beste arrazoi bat izan daitekeela, Abbottabaden gertatutakoak ez duelako pakistandarren onespenik. Onartezina iruditzen zaie AEBek Islamabadi jakinarazi gabe Bin Laden tiroz hiltzea, atxilotzeko aukera edukita, gainera. Estatubatuarrek, berriz, Bin Laden Pakistanen zegoela jakinaren gainean egotea leporatzen diete zerbitzu sekretuei. Oso litekeena da urtea amaitu aurretik amaitzea ikerketa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.