Demokraten hautagaitza lortzetik pauso batera da Obama, Oregonen irabazita

Inkesta guztiak aurka dituen arren, New Yorkeko senataria ez dago amore emateko prest

arantxa elizegi egilegor
2008ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Batzuetan ekintzek hitzek baino gehiago esaten dute. AEBetako Alderdi Demokrataren primarioen kasua da hori. Illinoisko Senatari Barack Obamak ez du garaipena aldarrikatu, ez behintzat hitz horiekin. Nahikoa argi utzi du, ordea, Hillary Clintonenak egin duela. «Badakizue, eztabaida asko izan ditugu kanpaina honetan, baina guztiok miresten dugu haren ausardia, konpromisoa eta nekaezintasuna», adierazi du Obamak, New Yorkeko senatariaz hitz egiterakoan. Primarioak amaitzear daudela eta hautagaitza lortzetik pauso batera dagoela jakiteak goitik behera aldatu du Obamaren jarrera. Orain, hitz gogorrenak John McCain hautagai errepublikanoarentzat ditu. Horrek, baina, ez du Clinton geldiarazi.

Oregonen eta Kentuckyn herenegun egindako primarioek ez zuten bi hautagaien egoera gehiegi aldatu. Illinoisko senataria izan zen lehenengoan nagusi, botoen %58,3rekin; Clintonek %41,7 lortu zituen. Kentuckyn, aldiz, bigarrena izan zen garaile botoen %65ekin; %30 eskuratu zituen Obamak. Horiek hala, demokraten hautagaitza automatikoki lortzeko -2.026 ordezkari behar dituzte- 65 ordezkari beharko lituzke Obamak. Dena den, ez dirudi gaurtik ekainaren 3a bitartean geratzen diren hiru bozketetan beharrezko ordezkari kopurua eskuratuko duenik. Ondorioz, superordezkariena izango da azken erabakia.

Alderdi Demokratak berak aukeratutako goi karguak dira horiek, eta ia erabateko askatasuna dute hautagai baten edo bestearen alde egiterakoan. Baina horiei dagokienez ere Obama doa aurretik, eta, aukera baduten arren, ez dirudi, jada, sostengua eman dioten superordezkariek iritzia aldatuko dutenik. Alderantziz, haietako asko Clinton estu hartzen ari dira amore eman dezan.

Clintonek, ordea, ez du halakorik egiteko asmorik. Azken zazpi primarioetan, boto gehienak beretzat izan direla da bere argudio nagusia. Horrek, haatik, ez dio ezer askotarako balioko superordezkarien sostengurik gabe. Dena den, New Yorkeko senatariak ez du itxaropena galdu. Hurrengo primarioak egin aurretik Michigan eta Floridako ordezkariekin zer egin erabaki behar dute demokratek, maiatzaren 31n. Bi estatu horiek zigortu egin zituen alderdiak bozak aurreratzeagatik, eta baliogabetu egin zituen emaitzak. Clinton izan zen, aginduari entzungor egin, eta bi estatuetako primarioetara aurkeztu zen bakarra, eta, ondorioz, irabazi zituena. Geroztik, estutzen ari da buruzagitzak zigorra atzera bota dezan.



MCCAINEN AURKA ERE OBAMA FABORITO. Illinoisko senatariak jendea erakartzeko ahalmena du, horretan ez dago dudarik. Joan den igandean, Portlanden (Oregon) 75.000 lagun bildu zituen. Horretaz gain, lehen Clintonen defendatzaile sutsuak ziren langile zurien artean ere gero eta gehiago dira iritziz aldatzen ari direnak. Horiek hala, ez da harritzekoa inkestek McCainen aurka ere garaipena Illinoisko ordezkariari ematea. Roiters etxeak egindako galdeketaren arabera, hautagai demokratak botoen %48 lortuko lituzke, eta errepublikanoak, aldiz, %40.

Diru bilketari dagokionez ere, Illinoiskoak hasieratik hartu dio aurre New Yorkeko senatariari. Maiatzeko datuak dira horren adibide: lehenak 37 milioiko aurrekontuarekin hasi zuen hilabetea, apirilean 31 milioi dolar bildu ostean; Clintonek, berriz, 21 milioi bildu zituen apirilean, baina 31 milioi inguruko zorra du oraindik. McCaini dagokionez, aldiz, 22 milioiko aurrekontuarekin hasi zuen hilabetea, 18 milioi jaso ostean.

Inkestak inkesta eta presioak presio, baina, Clintonek hartua du azkeneraino jarraitzeko erabakia. «Ez Obama senatariak, ezta nik ere ez ditugu beharrezko ordezkariak eskuratuko ekainaren 3rako; eta, beraz, gure alderdiak erabaki zaila hartu beharko du, McCaini aurre egiteko gai den hautagaia aukeratu beharko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.