Tunisiak erreforma «sakonak» egingo ditu demokratizaziorako bidean; hala hitz eman zion atzo Ahmed Abderrauf Unak, Tunisiako Atzerri ministro berriak, EB Europako Batasunari. Helburua, Tunisia «munduko herrialde aurreratuenetariko bat» izatea. EBko ordezkari goren Catherine Ashtonek, berriz, EBren «babesa» eskaini dio «ustelkeriaren aurkako borrokan» eta «beharrezko erreforma ekonomiko eta politikoak» egiteko.
Tunisiak etorkizunean izan dezakeen bilakaerari begira, Unak esan du herrialde «musulman, arabiar eta mediterraneoa» izaten jarraituko duela, baina «ekonomikoki, politikoki eta gizatasunez liberala».
1957an independentzia lortu zuenez geroztik, hazten joan den herria da Tunisia, Unaren ustez; Zine El Abidine Ben Ali diktadore ohiaren agintaldi luzea izan da salbuespen bakarra.
Ben Alik erbesteratu egin behar izan zuen urtarrilaren 14an, herritarren protesta gogorrek garaituta. Manifestazio horietan 219 lagun hil eta 510 zauritu ziren, NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen komisariotza gorenak emandako datuen arabera.
Protesta horiek zapaltzea leporatuta atxilotu dute Tunisiako Barne ministro izandako Rafik Belhaj Kacem. Urtarrilaren 12an kendu zuen kargutik Mohamed Ganutxi lehen ministroak, egoera kontrolatzeko saio desesperatuan. Herritarrek Ganutxiren beraren dimisioa ere eskatu izan dute behin baino gehiagotan, baina oraingoz ez da esperotako erantzunik iritsi.
Herrialdeko probintzia guztietako agintariak kendu dituzte kargutik, ordea. 24 dira guztira, eta denak Ben Aliren garaitik egon dira agintean.
Harremanak justifikatzen
Michele Alliot-Marie Frantziako Atzerri ministro lapurtarrak esan du ez duela dimisiorik emango, oposizioak hala eskatu izan dion arren. Ustez Aziz Miled enpresari milioidunarekin —Ben Aliren aldekoa da— harreman estua izatea leporatzen diote.
Alliot-Mariek gezurtatu egin du Miled Ben Aliren aldekoa dela, eta esan du Tunisian «errespetu handia» diotela.
Dena den, ez da lehenengo aldia horrelako zerbait aurpegiratzen diotena. Duela egun batzuk Tunisiako indar armatuei babes poliziala eskaini izana leporatu zioten, Ben Aliren aurkako protestak apaltzen laguntzeko.
Protestak herrialde arabiarretan
Demokratizazioari eutsiko diola zin egin dio Tunisiak Europari
Ben Aliren gobernuan Barne ministro izandakoa atxilotu dute, azken asteotako protestak zapaltzeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu