Greziako Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitza ofizialen arabera, ND Demokrazia Berria kontserbadorea eta Siriza ezkertiarra daude lehen bi tokietan, alde handiarekin ez, baina NDk lituzkeenez boto gehiago, Greziako hauteskunde sistemagatik beste 50 diputatu lituzke.
Botoen %99 zenbatuta daudela, Demokrazia Berriak botoen %29,6 jaso ditu —129 diputatu— eta Sirizak %26,9 —71 diputatu—. Pasok sozialdemokrata dago hirugarren tokian —%12,3, 33 aulki—. Beraz, NDk eta Pasok-ek gehiengo osoa dute legebiltzarrean aulkiei dagokienez, Europaren lasaitasunerako. Izan ere, troikaren neurritasun plana babesten duten alderdi bakarrak dira biak.
Antonis Samaras NDko presidenteak esan du herritarrek euroaren alde bozkatu dutela, eta gobernuan alderdi denak nahi dituela. Sirizak baztertu egin du batasun nazionaleko gobernua osatzea. Eurotaldeak exekutiboa azkar osatzeko eskatu dio Samarasi, neurri gehiago har ditzan.
Greziar Independenteek %7,5ko babesa dute —20 aulki—, Egunsenti Urrekara talde neonaziak %6,9koa —18 aulki—, Ezker Demokratikoak %6,2koa —17 aulki—, Greziako Alderdi Komunistak %4,5ekoa —12 aulki—.
Greziako Legebiltzarra 300 diputatuk osatzen dute.
Europaren eta euroaren etorkizuna ere jokoan
Legebiltzarra aukeratu dute Grezian. Baina parlamentuaren osaketa baino askoz ere gehiago izan da jokoan, neurri handi batean Europaren eta euroaren etorkizuna ere erabakiko baitute greziarrek hautestontzietan. Orain arte troikarekin —EB Europako Batasunak, NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta EBZ Europako Banku Zentralak osatua— negoziatutako erreskate planak exijitzen dituen murrizketak bere horretan onartzeko prest zegoen ND, eta hark ere diskurtsoa aldatu du, bozen gertutasunak —eta ezkerraren gorakadak— bultzatuta, eta berriz negoziatu behar dela adierazi du.
Euroa ala drakma. Hori da jokoan zegoena Sirizaren hitzetan, honen garaipenak euroaren amaiera ekarriko zukeela esan baitzuen. Ezkerreko koalizioak, baina, Eurogunean jarraitzearen alde egin du, haren aurkariek kontrakoa esan arren. Neurritasun plana da Sirizak gogor arbuiatu duena, eta krisitik irteteko hazkunde politikak beharrezkoak direla defendatu du.
Sirizak hauteskundeak irabazteko aukerak alarma guztiak piztu zituen Europan. Troikak argi utzi du neurritasun plana ez dela negoziagarria.
Bigarrenez joan dira herritarrak botoa ematera hilabete bateko epean. Osatu ezinezko puzzlea izan baitzen iragan maiatzaren 6ko bozetako emaitza. Zazpi alderdik lortu zuten ordezkaritza parlamentuan, baina batek ere ez zuen gobernua osatzeko behar adina babes eskuratu, eta berriz ere hauteskundeetara deitu behar izan zuen Karolos Papulias presidenteak.