Evangelos Venizelos Pasokeko buruak adierazi du Greziak gobernua duela jada. Hauteskundeak irabazi dituen ND Demokrazia Berriak akordioa sinatu du alderdi sozialistarekin eta Dimarrekin. Hiru alderdiak batuta, 179 diputatu izango dituzte 300 ahulkiko Legebiltzarrean, gehiengo erosoa.
Antonis Samaras kontserbadorea izendatuko dute Greziako lehen ministro. Greziako telebistak aurreratu duenez, Vasilis Greziako Bankuko presidenteak hartuko du finantza ministro kargua.
Ministro taldea gauerako osatuta izatea espero du Venizelosek. "Bihar mezua bidaliko diogu Eurotaldeari", adierazi du sozialistak. Hiru alderdiak bat datoz erreskatearen baldintzak berriz negoziatu behar direla esaterakoan. Eurogunetik, hain zuzen ere, laguntzaren baldintzak berrikusteko prest azaldu dira.
Aurreko asteburuan egin zituzten herrialdean Legebiltzarrerako bozak. ND kontserbadoreak %29,6ko babesa lortu du eta Siriza ezkertiarrak %26,9koa. Pasok sozialdemokrata dago hirugarren, %12,3rekin. Troikaren neurritasun plana babesten duten alderdi bakarrak dira Demokrazia Berria eta Pasok. Samaras NDko buruak esan du herritarrek euroaren alde bozkatu dutela.
Siriza, oposizioan
Gobernuan ahalik eta alderdi gehien biltzeko deia egin zuen Samarasek igandean garaipena baieztatu eta gero. Bigarren geratu den Siriza ezkerreko alderdiak, baina, ezezkoa eman dio erreskatea negoziatu zuten alderdiekin biltzeari, eta oposizioan jardungo duela jakinarazi du Alexis Tsipras alderdiko buruak. Greziar Independenteak alderdi nazionalistak ere ezezkoa eman dio Samarasi.