Hugo Chavezek hamahiru urte daramatza boterean, eta orain arte ez du izan benetan min eman dion oposizio antolaturik; tarteka estualdiren bat, besterik ez. Venezuelako oposizioak, hala ere, joera hori gelditzeko lana hartu du. Chavezen arerioek 2005ean ikasi zuten legebiltzarrari egin zioten boikotarekin porrot egin zutela, hain justu, botere osoa presidentearen esku jarri zutelako. Oposizioa banatuta zegoen orduan, baina erraldoiaren kontra egiteko batu beste erremediorik ez zutela konturatuta MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia sortu zuten hogei alderdik, duela bi urte. 2010eko legebiltzarra izan zen abiapuntua; 2012ko presidentetzarako hauteskundeak helburu; egitasmo handi bat: presidentea botatzea. Horretarako, MUDetik hainbat alderditako bost aurkari atera zaizkio buruzagiari bidera. Gaur egingo dituzte primarioakurrian presidenteari hordagoa nork joko dion erabakitzeko.
Galdera ikur handi bat da gaur zer gertatuko den. Parte hartzeak neurtuko du oposizioak Chavezen kontra lehiatzeko aurrerantzean izan dezakeen indarra. Hemezortzi milioi pertsonak dute bozkatzeko aukera, eta, oposizioaren ustez, bi milioi inguru joango dira; gobernuak askoz gutxiago izatea espero du. Ahalik eta oihartzun txikiena izateko, oposizioaren kanpainarekin batera, gobernuak makineria osoa martxan jarri du, eta, aspaldiko partez, babesik handiena ematen diote Chavezi inkestek. Herritarren %60k baino gehiagok botoa emango diotela esan dute, urriko presidentetzarako bozetan noren alde egingo duten galdeginda. Horregatik, akaso, gaur irabazteko aukera duten bi hautagaiek zentro-ezkerraren aldera egin dute, alderdi kontserbadoreetakoak diren arren.
Capriles, faborito
Henrique Capriles Radonski da presidenteari aurre egiteko oposizioak duen gizonik indartsuena, inkestek esaten dutenaren arabera. Abokatua da, gaztea, eta politikan ziztu bizian igo da, Mirandako gobernadore izateraino. Baina zerbait falta zaio, adituen ustez: oratoria eta gertutasuna, Chavezek sobera duena. Horiek gabe, hala ere, Chavezekin gustura ez dauden herritarrak bereganatzea lortu du, eta, gainera, gainerako hautagaiek ez bezala, presidenteari zuzenean eraso gabe egiten ari da kanpaina, hika-mika baztertuz eta gobernuaren politika sozialaren balioa onartuz, bide batez, badakielako Chavezi botoa eman diotenak erakarri beharko dituela, aukera izan nahi badu. Primero Justicia alderdi kontserbadoretik dator, eta «oligarka eta gezurtia» da, Chavezen ustez, aitaren aldetik hedabideen inperio baten jabe delako eta amaren aldetik zinema areto kate batena, baina mezu aurrerakoiak bereganatu ditu. Luiz Inacio da Silva Lula hartu du eredu Caprilesek.
Leopoldo Lopez ondoan jarri zaio, gainera, eta horrek are interesgarriagoa egiten du Chavezekin duen lehia. Lopez izan da denbora askoan oposizioarentzat kuttuna, karismatikoena, baina bere kontra duen inhabilitazio politikoaren ondorioz presidentetzarako bidea uztea erabaki zuen. Ez, ordea, politika, bai baitaki berandu baino lehen txanda helduko zaiola, eta, horregatik, irabazlearen alde jokatu du. Inkestek diotena ere kontuan hartu du Caprilesekin aliantza egiteko: haren jarraitzaileen %65ek Lopezen ondoren Capriles dute bigarren aukera, eta ez Pablo Perez primarioetan bigarren jartzen dutena.
Pablo Perez Zuliako estatu aberatseko gobernadorea da. Perezek ia ezinbestekoa zuen, harekin aliantza irabazteko,baina ez du lortu. Haren kanpaina, berriz, Chavezi bideratua egon da; hark utzi duen «herri desitxuratua iraultzeko» egingo dituenen inguruan. Un Nuevo Tiempo alderdi kontserbadoreko buruzagia da, baina eskola zaharra atzean utzi eta garai berrira egokitu behar izanagatik zentro ezkerrera egin duela esaten du. 2006an Chavezen kontra aritu zen Manuel Rosalesen oinordekoa eta kuttuna da Perez. 2008an ordezkatu zuen alderdiaren karguan.
Maria Corina Machado, Diego Arria eta Pablo Madina dira gainerako hautagaiak, baina horien babesari sinboliko iritzi diote adituek. Dena den, presidentetzarako hautagaiez gain, alkate eta gobernadore hautagaiak ere erabakiko dituzte, eta tokian-tokian aukera denek izan dezakete. Batasun Demokratikoaren Mahaian ordezkaturik dauden hamalau alderdien adostasunarekin egin dute programa, Chavez urrutiegi joan dela uste dutenhainbat ezkertiarretatik hasita eskuinerainoko alderdien onespenarekin. Agintzea egokituko balitzaie, udaletan, eskualdeetan, nahiz gobernuan, oposizioaren erakundeetan adostasunez edo gutxienez botoen %70arekin onartu beharko lituzkete proposamenak.
Programaren edukia
Oposizioaren programa Hugo Chavezen gobernuaren zutabeetan oinarritzen da, haiek botatzeko asmoetan, arlo sozialean izan ezik, ezin baitute ukatu politika sozialen arrakasta. Mezu lausoak dituzte gizarteari begirako egitasmoetan: «Sisteman pobrezian dauden familia guztiak barneratuko» dituzte, edota gizarte ekintzarako «deszentralizazioa» bultzatuko dute. Inhabilitazioa, botere banaketa, armadaren independentzia, segurtasunaren deszentralizazioa, komunikabideak, petrolioa, lurren jabetza eta atzerri politikak dira programaren puntu indartsuenak, eta denetan gobernuaren «gehiegizko boterea» murrizteko asmoa dago.
Lehenik eta behin, oposizioaren ustez, Chavezek gidatzen dituen auzitegien erabakiak «berrikusi» behar dira, eta automatikoki inhabilitazioak bertan behera geratuko dira.
Armadari dagokionez, Konstituzioaren 328. artikulua berrezarriko dute: «Armadaren funtzioak alderdien interesetatik kanpo egongo dira, eta botere zibilaren menpe». Botere banaketa aipatzerakoan, berriz, botere judiziala eta Ministerio Publikoa «despolitizatu» behar dira, eta euren ekintzek «irizpide profesionaletan oinarritutakoak» izan behar dute.
Pdvsa estatuaren petrolio enpresak ere tarte berezia du programan. Estatuak kontrola utzi behar du, eta, hasteko, hidrokarburoen ministroak enpresako presidentetzatik kanpo geratu behar du. Enpresaren esku dauden ekintza sozialak «dagozkien ministerioetara» bideratu behar dira, eta nazioarteko hitzarmen guztiak berrikusi.
Lurren jabegoari buruz, «edozein desjabetze ekintza debekatuko dute», eta «konpromisoa» dute estatuak lurrak kendu dizkietenei itzultzeko eta kalteak ordaintzeko. Komunikabideen «erabilera politikoari berehalako amaiera» eta nazioarteko harremanak «errotik aldatzea» dira beste proposamenetako batzuk, Kubarekikoa eta AEBekikoa aipatzen dituztelarik espresuki.
Chavezen ustez, MUDen izena bera ez da egokiena,Venezuelako eskuinak agintzen baitu. «Inperialisten kontrairaultza» besterik ez da.
Denak bat Chavezen kontra
MUD Batasun Demokratikoaren Mahaian batu den oposizioaren bost hautagaien primarioak dituzte gaur VenezuelanHenrique Capriles da presidentearen lehiakide bilakatzeko aukera handiena duena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu