Imanol Ordorika Sacristan

"Denek dakite drogak legeztatzea dela eraldaketarako aukera bakarra"

Imanol Ordorika arkitekto lekeitiarraren seme eta Antonio Sacristan politikari madrildarraren biloba da Imanol Ordorika Sacristan Gizarte Zientzien eta Hezkuntza irakaslea. Gurasoen erbesteratzeak ekarri zuen Mexikon jaiotzera eta ezkerreko ideietara. 'Mexiko. Huts egindako estatu bat?' atalaren barruan BERRIAk atzoko alean argitaratutako elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

Imanol Ordorika Sacristan. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2014ko azaroaren 30a
13:56
Entzun

Imanol Ordorika (Mexiko Hiria, 1958) ikasle mugimenduan militante eta MAS Sozialismorako Mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen, 1988ko presidentetzarako kanpainan Cuauhtemoc Cardenasen alde eginez. Azken hori buru zuen PRD Iraultza Demokratikorako Alderdiaren sorreran ere parte hartu zuen 1989an. UNAM Mexikoko Unibertsitate Autonomoan irakasle de 1990etik, eta 2000n PRD alderdia utzi zuen, ezkerreko ideiak ahanzten eta burokrazia aparatu bat bihurtzen hasia zela esanda. Ordutik, unibertsitatean eta hainbat hedabidek eskainitako plazan ari da lanean.

Ezer onik espero al duzu Peña Nieto presidentearen plan berriaren ondorioz?

Ez. Ez dago aldaketa bakarra ere, eta iragarri dituen neurri ia denak berehalakoan botatakoak dira, ibilbide laburrekoak, kosmetikoak eta Mexikon daukagun indarkeria arazoan benetan eragiteko oso aukera gutxi dutenak. Gobernuak zalaparta handiz aurkeztu ohi ditu bere ekimenak, baina orain artean ez dugu ikusi justizia sistema osoaren eta segurtasun indar publikoen benetako eraldaketarako proposamenik. Justu kontrakoa, justizia sistemaren eta indar publikoen jokaerarik negargarrienak ari baikara ikusten azkenaldian. Ikasleak atxilotzen ari dira. Hilaren 20ko manifestazioan, esaterako, 11 lagun. Jo, konfiantzako abokaturik gabe galdekatu eta inkomunikatu egin dituzte. Igualako alkateari berari baino akusazio larriagoak egin dizkiete, eta segurtasun handiko espetxeetara aldatu dituzte. Beldurra eragitea da helburua, eta tortura eta UNAMeko beste ikasle batzuen bahiketa saioa eta atxiloketa ezagutu ditugu.

Agintea hartu zuen egun beretik, 2012ko abenduaren 1etik, Peña Nieto infiltratu taldeak ari da erabiltzen gobernua mobilizazioak probokazioaren bitartez lehertzeko eta jendearen eta mugimenduen kriminalizazioa zilegitzeko. Orain artekoak ez digu baikortasunerako biderik erakusten.

Ikusitakoak ikusita, Ayotzinapako hilketen eta desagertzeen ikerketatik ezer espero al daiteke?

Ez dute azalpen ofizialik eman [Jesus Murillo Karam] Errepublikako prokuradore nagusiak hilaren 7an prentsaurrekoa eman zuenetik. Ez da froga eta azalpen orokor gehiago eman. Prokuradoretzak berak, hain zuzen, behartuta desagertutakotzat dauzka oraindik 43 gazteak, eta auziko lekukoen bideoak interpretazio, inputazio eta alegiazko auzi medikuntza egiteko erabili ditu. Justizia sistema egoki batean onartezinak diren gauzak ari dira egiten.

Gazte horiek bizirik buelta daitezkeela uste duzu?

Ezin dugu esperantza galdu hilak direla baieztatu arte. Gure kideak bizirik bueltatzeko erantzukizuna dauka gobernu federalak, eta bueltatu artean non eta nola eduki dituzten behar bezala argitzekoa ere bai, froga zientifiko eta sinesgarriekin. Horrelakorik ezean, ezin dugu onartu —inolaz ere— gazte horiek hilda daudelako bertsioa.

Kasualitatea al da hildako eta desagerrarazitako gazteak eskualde pobretu bateko ikasle kontzientziatuak izatea?

Nire ustez, ez. Lehenik eta behin, joan den mendeko 20ko urteetan sortutako landa eremuetako normaletako —irakasle eskolak dira— ikasleei beti eraso diete. 40ko urteetatik hona gobernu guztiak saiatu dira eskola horiek desagerrarazten, baztertzen, ekonomikoki itotzen... Batzuk ixtea lortu dute, eta bertara joaten diren ikasle nekazariak arrazakeriaz eta bazterkeriaz tratatu dituzte. Ikasle horien antolaketa eta ekintza politikoa kriminalizatzen aritu dira beti. Hezkuntza arloan interesak dituzten hedabide eta enpresa taldeek kriminalizazio horretan lagundu egin dute, gainera. Televisa parte duen Mexicanos Primero erakundea da bat, esaterako. Eta gobernua bera ere ez dabil urruti. Oraingoa ez da normalistetako ikasleak akabatzen dituzten lehen aldia. Duela bi urte, Ayotzinapako normaleko beste bi ikasle hil zituzten.

Bigarrenik, ikasle antolatuak dira. Beren eskubideak aldarrikatzen dituzte. Arazo bat dira gobernuaren maila desberdinetako ordezkarientzat, kontrolatzen eta usteltzen zailak direlako. Krimen antolatua eta agintari politikoak nahasten diren Mexiko honetan, honelako talde antolatuak jomuga bihurtzen dira.

Historia errepikatu egiten da, alde horretatik. Ikasle mugimendua botere ofizialaren eta ez-ofizialaren jomuga izan da historikoki Mexikon. Zeu zara horren adibide.

Bai, Mexiko autoritarioan ikasleen mugimendua beti izan da bezatzen zaila, eta ikasleek beti jokatu dute eraldaketa, kritika eta antolaketa sozial eta politiko independenterako indar gisa. Horri beti zakar erantzun dio gobernuak, eta sarritan jazarpen zuzena erabili du.

Bai. Gobernu federalak estrategia erabat definituta dauka protesta sozialaren eta herriaren giza eskubideen eta indarkeriarik ezaren aldeko mobilizazioaren kontra. Mexikoko gizartea krimen antolatuaren eta gobernuaren indarkeriaren menpe dago. Horren aurka borrokatzen den herritarraren kontra, beste herrialde batzuetan bezala —Txilen eta Iberiar penintsulan, adibidez—, hemen ere infiltratuak erabiltzen dituzte probokatzeko, sor daitezkeen liskarren aitzakian mugimenduei jazarri ahal izateko. Kriminalizazioa ez da diskurtsiboa bakarrik.

Igualakoari esker, Mexikon lehendik dozenaka mila desagertu bazirela jakin du munduan, desagerrarazi horiek migranteak direla. Arazo horren kontzientzia ba al zen lehendik Mexikon bertan?

Mexikon bertan oso garbi dago narkoaren kontrako gerran gertatutako giza eskubideen urraketaren tamaina. Zifren inguruan ez dago adostasun erabatekoa, baina gobernuak berak 60.000 hildako inguru eta 20.000tik gora desagerrarazi aipatzen ditu. Hobien kontua aldiro agertu izan da. Migranteen aurkako sarraskien eta migranteen eta nekazarien hobien inguruko orain arteko albisteen aldean, orain bada berritasun bat: oso ondo ehundutako oinarri sozialeko talde baten aurkako krimena da Ayotzinapakoa. Horrek mugimendu eta giza eskubideen aurkako kontzientzia sozial bati ireki dio bidea. Mexikoko Gobernuak Ayotzinapako ikasle desagerrarazien inguruko azalpenak eman behar ditu, baina baita bertan hil dituzten sei pertsonen eta agertzen hasi diren gorpu eta hezurduren inguruan ere. Gobernuak ez du azaldu oraindik nolatan dagoen Igualako eskualdean hainbeste hobi, hainbeste hildako, hainbeste hilketa. Guerreroko estatuan, historikoki, beti borrokatu izan dira herri mugimenduak eta nekazariak, eta jazarpenak 50eko urtetatik hona dauka historia. Gaur egun gauza bera esan genezake Michuacan, Tamaulipa, Ciudad Juarez eta besteri buruz. Ayotzinapakoak katalizatu egin du hainbeste indarkeriaren inguruko kontzientzia.

Gizartea militarizatuta daukazue narkotrafikoaren kontrako gerrarekin; narkotrafikatzaileek benetako gobernu paraleloa eratuta daukate; NBEk esana dauka Mexikon tortura sistematikoa dela, feminizidioei buruz zer esanik ez... eta Peña Nietoren gobernuak ez du onartzen huts egindako estatu bateko buru denik.

Ayotzinapako krimenak estatu krimenak dira, zalantzarik gabe. Horrek ez du esan nahi Errepublikako presidentea krimenon errudun zuzena denik; esan nahi du Mexikon gaur egun indar publikoa ezin dela bereizi krimen antolatutik herrialdeko eremu askotan, eta halako eremuotan estatuak ez dauka indarraren monopolio zilegizkoa, eta hilketak eta indarkeria eguneroko ogia dira. Botere paraleloak daude, bai, gune askotan, eta gobernuak ezin dio aurre egin giza eskubide urraketen giro horri. Kontrakoa: gobernua egoera erabiltzen ari da manifestarien aurka jotzeko. Horrek estatu krisi oso sakona adierazten du. Horren inguruan egin beharreko aldaketak erabaki behar dira lehenbailehen.

Egungo klase politikoak ba al dauka horretarako zilegitasunik herritarren aurrean?

Arazo handienetako bat, hain zuzen ere, sistema politikoaren gainbehera da. Sinesgarritasun eta ekimen falta izugarria daukate Mexikoko alderdi guztiek. PRI, PAN, PRD, Morena, Partido del Trabajo, Movimiento Ciudadano, Partido Verde, Partido Nueva Alianza... guztiek janda dauzkate azpi etiko, politiko eta moralak. Autismo politikoak jota daude denak, beren botere zatiari eusteko kalkuluak egiten. Ez daukate alternatibarik, eta asko eta asko diru zikinarekin kutsatuta daude.

Egoera hori benetan aldatzeko baldintzak ikusten al dituzu? Azken asteotako protestek sistema hori eraits al dezakete?

Baietz esan nahi nuke. Baikor izatera nakarte gazteak kalean eta antolatuta ikusteak, politikoki jabetuta. Probokazioaren aurka kontzientzia indartsuz ari dira lanean, eta ez dute ahazten helburua: Bizirik eraman zituzten, bizirik nahi ditugu eskaera. Asko dugu egiteko, ordea. Hemendik nahi dugun herrialdera nola joan, asko dugu pentsatzeko eta antolatzeko.

Cuauhtemoc Cardenasek utzi egin du PRD alderdia. Igualako alkatea eta Guerreroko gobernadorea alderdi horretakoak ziren. Zeu ere bertako kide izana zara...

PRD alderdiko parte izan ginen jende askok utzi dugu. 80ko hamarkada amaieran izan genuen alderdi proiektutik ez da ezer geratzen. Burokraziak, barnekoikeriak eta ustelkeriak irentsi du. Ezin da esan ezkerreko alderdia denik. Cardenasek militantziari uko egiteak argi eta garbi markatu du alderdi hori, gainerako alderdien pare utziz. Botere politikoaren jardun arbuiagarrienak bere egin ditu PRDk ere.

Nazioarteak zergatik erreparatu dio orain Mexikori eta ez lehen?

Ez da ahaztu behar Ayotzinapan gertatutakoaren tamaina. Sei lagun hil eta 43 ikasle gazte desagerrarazi dituzte egun bakarrean. Eta Mexikoko Gobernua nazioartean izugarrizko propaganda kanpaina egiten ari zenean etorri da. Kanpaina horren adierazle gorena Time aldizkariaren otsaileko azala da. Kanpainaren mezua zen Peña Nietoren eskutik Mexiko eraldatzen ari zela, hemen bertan kontrako mugimendu oso indartsuak eragin dituzten energia, lan edota hezkuntza erreformak eraldaketa tresna gisa agertuz, besteak beste. Propaganda ofizialaren eta Igualan gertatutakoaren artean hainbestekoa da talka, nazioartearen begirada aldatu egin da.

“Mexiko: jaungoikoa hain urrun eta AEBak hain gertu” esaldiak oraindik ere ba al dauka zentzurik?

Baietz uste dut. Gizarte justu bat eraikitzea hain urruti dugu, eta, aldi berean, hain gertu droga kontsumorako munduko merkatu handiena... Merkatu hori nazioartean adostutako debeku politikek sortutakoa da, eta Mexikoko krimen antolaturako baliabide fluxu ikaragarria ekarri du. Herrialde honek beti aukera politiko atzerakoienen alde egiten du, eta horiek dira lotuen daudenak ustelkeriarekin eta giza eskubideen urraketekin. Ez da zalantzarik AEBetako Administrazioak hor eragina baduela. Garai bateko alkoholaren debekuarekin bezala, izugarrizko dirutzak ari dira egiten batzuk, Mexikoko eta AEBetako talde ekonomiko handienen eta administrazioen babesarekin. Eta ez dute drogak legeztatu eta arautzerik nahi. Denek dakite drogak legeztatzea dela dauzkagun indarkeria eta krimen antolatua gainditzeko, benetako eraldaketarako aukera bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.