ASLAN MASKHADOV
Deportatuen seme
Txetxeniako herriaren tragedia erabat islatzen du Aslan Maskhadov presidenteak. Izan ere, bere lurretik urrun, Kazakhstanen sortu zen 1951ko irailaren 21ean, haren gurasoak herrialde hartara deportatuak izan baitziren 1944an, Txetxeniako herritar gehienak bezala, Stalinen manuz. Hura hil eta zenbait urtera, etxeratzeko aukera izan zuten deportatu txetxeniarrek eta Maskhadoven gurasoak 1957an itzuli ziren Txetxeniara. Herri zapalduetako seme-alaben artean sarritan gertatu den legez, Maskhadov estatu zapaltzailearen zerbitzurako jarri zen, Sobiet Batasuneko Armadan 22 urte eman baitzituen, koronel kargura iristeraino. 1992. urtean, Baltikoko Herrialdeetan Errusiako Armadaburu zelarik, goi kargu hori utzi zuen Armada horrek berak Ingushetian gogor ekin zuelarik. 1994an, Txetxeniako lehen gerra hasi zelarik, gerrillari independentisten buruzagi goren egin zen. Gerra horri amaiera eman zion bake akordioa izenpetu zuen, Errusiako Lebed jeneralarekin, 1996ko agorrilean. 1997. urteko urtarrilean, de facto burujabea zen Txetxeniako presidente aukeratua izan zen, botoen %68 eskuratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu