Ezbeharra Itsaso Gorrian

Desagertutako bidaiarien senideek Poliziarekin liskarrak izan dituzte Safagako portuan

Itsaso Gorrian hondoratutako Egiptoko ontziarekin gertatutakoaren inguruan haserrea handitzen ari da: batetik, ezbeharretik bizirik atera direnen haserrea dago, kapitainari eta eskifaiari egozten baitiete hondoratzea; bestetik, desagertuta edo hilda dauden bidaiarien senideena, oso informazio gutxi ari baitira jasotzen. Safagako portuan istiluak izan dira senideen eta Egiptoko Poliziaren artean: suminduta, harrika ekin diote senideek, eta borra kolpeka eta gas negarrarazleekin erantzun du Poliziak. Osterantzean, 900 bat lagunek desagertuta jarraitzen dutela uste da, 350 bat bizirik erreskatatu dituztela eta 185 inguru hilotz.

2006ko otsailaren 4a
14:54
Entzun
Salam 98 bidaiarien garraiorako itsasontzia Egitpokoa zen, eta Saudi Arabiako Dubako kaitatik Egitpoko Safagakora zihoan, 1.400 lagun inguru zeramatzala. Horietako gehienak Saudi Arabian lan egiten duten egiptoarrak ziren, eta asko ziren, halaber, Meka eta Medinako erromesaldia beteta etxera bueltan zirenak.

Nolanahi ere, haserrea areagotzen ari da gertatutako guztiaren inguruan. Batetik, hondoratzea zergatik gertatu den guztiz argi ez dagoen arren, bizirik atera direnek kapitainari eta eskifaiari botatzen diote errua. Izan ere, Dubako portutik abiatu eta lasterrera itsasontziko bizkarrean sua piztu zela azaldu dute bizirik atera diren bidaiariek, baina, hala ere, kapitainak aurrera egitea erabaki zuela. Hondoratea sute horren ondorioz gertatu zela diote. Era berean, itsasontziaren egoeraren inguruan ere zalantzak piztu dira —zaharregia ote zen, salbamenduko txalupa gutxiegi ote zituen...—, eta horrek guztiak handitu egin du haserrea.

Eta horri denari desagertutako eta hildakoen senideek salatutako informazio falta erantsi behar zaio. "Non daude gorpuak? Nora eraman dituzte bizirik erreskatatu dituztenak? Ez digute ezer esaten", oihukatzen du Safagako portuan pilatutako jendeak, nazioarteko albiste agentzietako kazetariek agertu dutenez. Suminduta, harrika hasi dira une batean senitartekoak, eta, ondorioz, liskarrak piztu dira. Poliziak borra kolpeka eta gas negarrarazleak botaz erantzun die.

Istiluak istilu, gutxi gorabehera 900 lagunek desagertuta jarraitzen dute, eta Egiptoko zein Saudi Arabiako erreskate taldeek haien bila. Guztira 1.400 bidaiari inguru zihoazen ontzian; haietatik 350 inguru bizirik aurkitu dituzte —iturri batzuen arabera, 430 dira—, beste 185 bat hilda, eta arestian aipatu bezala, 900 bat galduta daude. Desagertutakoak bizirik aurkitzeko itxaropena gero eta txikiagoa da, dagoeneko ordu asko egin baitituzte uretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.