Protestak herrialde arabiarretan

Desertzioa erregimenean

David Cameronen iritziz, Musa Kusa Libiako Atzerri ministroaren ihesak Gaddafiren hurbilekoen «etsipena» erakusten duArmen bahimenduak matxinoei ere eragiten diela oroitarazi du NATOk

mikel rodriguez
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
«Libiako Atzerri ministro ohiak haren postua utzi eta Londresera etortzeko hartutako erabakia gorenean dagoen norbaitek hartutakoa da, eta horrek egiazki erakusten du etsipena eta izua Gaddafiren erregimenaren bihotzean daudela». Herenegun Londresko iturriek erran bezala, Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek berretsi egin du Musa Kusak desertatu egin duela. Libiako Atzerri ministroarekin immunitatea lortzeko akordioa dutela ukatu du Cameronek, eta Justiziak haren aurka jotzeko bidea libre duela erran du —Lockerbieko atentatuarekin zerikusia izatea egozten diote—. Libiako Gobernuak onartu du Kusarekin «komunikazioa galdu» duela eta, horregatik, karguari uko egin diola «ulertu» duela; halaber, erabakia «pertsonala» izan dela dio Tripolik, eta Kusak gobernuaren baimenarekin bidaiatu duela, «osasun arazo larriak» dituelako.

Ez da Kusa izan Gaddafiren ondotik alde egin duen erregimeneko lehen goi karguduna. Protestak hasi eta gutxira, Mustafa Abdeljalil Justizia ministroa eta Abdel Fata Junis Barne ministroa erreboltarien aldera igaro ziren. Al Jazeeraren arabera, gainera, azken orduetan erregimeneko kargudun gehiagok Tunisiara alde egin dute, Atzerri ministroaren eredua segituz.

Kusaren ihesak, ordea, zeresan handia eman du, alde batetik, matxinada hasi eta hilabete eta erdira gertatu delako, eta, bertzetik, Gaddafiren hagitz hurbileko laguntzailea izan baita. Erresuma Batuko Atzerri ministerioarentzat Libiako erregimeneko «pertsonaia garrantzitsuenetako bat» da. Horregatik, Cameronek espero du Gaddafiren aurkako nazioarteko aliantzari informazioa eman diezaiokeela Kusak.

«Sistema erortzen»

AEBek ere Libiako Atzerri ministroaren erabakiaren garrantzia nabarmendu dute. Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaile Tommy Vietorrek uste du erregimenak «kolpe nabarmena» hartu duela eta Gaddafiren hurbilekoek «sistema erortzen» ari dela ulertu dutenaren adierazle dela. Estatu Departamentuko eledun James Steinbergek, berriz, erran du Kusaren ihesak erakutsi duela Gaddafiren aurkako presio neurriek «arrakasta» izan dezaketela.

1970eko hamarkadan bat egin zuen Kusak (Bengazi, 1949) Gaddafiren erregimenarekin. 1979an Londresen ezarri zen diplomazialari gisa lanean. Erresuma Batuko Gobernuak hurrengo urtean kanporatu zuen, The Times aldizkariari onartu ziolako uhartean erbesteratuta zeuden bi errefuxiatu libiar hiltzeko agindua onartu zuela, eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoaren aldeko jarrera erakutsi zuelako. 1980ko hamarkadan zerbitzu sekretuetan erantzukizun karguak izan zituen, eta, horregatik, Eskoziako Fiskaltzak Kusari galdeketa egin nahi dio, Lockerbieko erasoari buruz. Atentatu hori 1988an izan zen. AEBetako Pan Am konpainiako hegazkinean lehergailu bat zartarazi zuten, eta bidaiari guztiak hil ziren. Hegazkin zatiak Eskoziako Lockerbie herrira erori, eta hango 11 biztanle hil ziren —denera 270 lagun hil ziren—. Erasoa Libiako zerbitzu sekretuek egin zuten, eta Fiskaltzak uste du Kusak erantzukizunen bat edo informazioa eduki dezakeela.

Kusaren ihesak bigarren maila batean utzi du nazioarteak azken egunotan eduki duen eztabaida nagusia, hau da, erreboltariei armak ematearen aukeraren ingurukoa. NATOk atzo hartu zuen Libiako erasoa zuzentzeko eskumen osoa. Anders Fogh Rasmussen idazkariak berehalakoan ukatu zuen matxinoei armak helaraziko dizkietela, eta Gianpaolo Di Paola aliantzako militar buruak jakinarazi du Libiara armak eramateko asmoa duen itsasontzi oro geldiaraziko dutela. «[NBEren] ebazpena onartu duten herrialdeetako inork horretan ez pentsatu izana espero dut».

Zibilen hilketa aire erasoetan

Nazioarteko koalizioak adierazi du orain arteko bonbardaketetan zibilak hil dituzten frogarik ez dagoela. Tripoliko apezpikuak, baina, salatu du hiriburuko bonbardaketa batean gutxienez 40 lagun hil dituztela. «Erasoak soilik helburu militarretara zuzendu dituzten arren, helburu horietako batzuk zibilen auzoen erdian daude, eta herritarrak jo dituzte». NATOk adierazi du salatutako eraso hori ikertuko duela.

Matxinoek, berriz, amazigh herriaren aurkako «genozidioa» egotzi diote Gaddafiri. Mustafa Geriani bozeramailearen arabera, erregimenak Zintan hirian (Tunisiako mugatik hurbil) eraso egin die amazighei. Ekialdean, berriz, matxinoak Gaddafiren indarrei eutsi ezinik dabiltza. Borroka frontea Brega herrian dago, erreboltarien hiriburu Bengazitik 200 kilometrora. Bi puntu horien artean Ajdabija da hiri nagusia. Nazioarteko hedabideen arabera, Ajdabija «hutsik» dago, biztanle anitzek Bengazira ihes egin dutelako eta milizianoak Bregara joan direlako borrokara.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.