KATALUNIAKO Prozesu subiranista

"Deskonexio prozesua" eztabaidatzea onartu du Kataluniako Parlamentuak

Espainiako Auztegi Konstituzionalari entzungor eginda, Junts Pel Siko eta CUPeko diputatuen babesarekin onartu dute prozesu konstituziogilearen ondorioak eztabaidatzea eta bozkatzea legebiltzarrean. Helegitea aurkeztuko du Espainiako Gobernuak.

Kataluniako Parlamentuko saio bat, iaz. ALBERTO ESTEVEZ
Adrian Garcia.
2016ko uztailaren 27a
07:16
Entzun

Kataluniako Parlamentuko saioan eguneko zerrenda moldatzearen alde bozkatu dute diputatu independentistek, eta onartu dute prozesu konstitugilearen ondorioak eztabaidatzea eta bozkatzea. Orain arte parlamentuak eginiko desobedientzia ekintzarik nabarmenena da.  Espainiako Konstituzio Auzitegiak Madrilen helegitea onartu zuen, eta ebatzi zuen bozketa hori egitea auzitegiaren epaiaren aurkakoa zela; Kataluniako Parlamentuaren adierazpen independentista baliogabetu, eta hura eztabaidatzeko mozioa bertan behera utzi zuen Espainiako auzitegiak.

Baina koalizio independentisten 72 botorekin onartu dute bozketa. 52 diputatuk aurka bozkatu dute, eta liskarrak eta haserreak izan dira parlamentuan. "Batzuk diote 72 bakarrik geratzea dela, eta 52 babestua egotea", adierazi du Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak Twitter sare sozialean.

Talde independentistak jakitun dira Espainiako Auzitegi Konstituzionalarekin sor daitekeen gatazkaz; Jordi Turull Junts Pel Si talde parlamentarioko bozeramaileak gogora ekarri du irailaren 27ko "mandatu demokratikoa". Anna Gabriel CUPeko ordezkariak, berriz, azaldu du independentziari "beldurrik" ez diotela. Oposizioko talde unionisten kritika gogorrak jaso dituzte eztabaidaren bultzatzaileek.

Madrilen erantzuna

Madrilen hautsak harrotu ditu Kataluniako Legebiltzarraren erabakiak. Espainiako Gobernuak azaldu duenez, exekuzio-intzidente bat aurkeztuko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Gainera, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak hots egin die Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari eta Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteari —Pablo Iglesias Podemoseko buruari deitzekoa da—, gobernuak emango dituen pausoen berri emateko. Kataluniako Parlamentuaren erabakia "legalitatearen eta ordena konstituzionalaren aurkako desafio berri bat" dela esan die Rajoyk.

Espainiako Gobernuak uste du Kataluniako prozesu konstituziogilearen ondorioak eztabaidatzeak eta bozkatzeak urratu egiten duela Auzitegi Konstituzionalak 2015eko abenduaren 2an emandako ebazpena.

Exekuzio intzidenteak ondorioak eragin ditzake, iaz Espainiako Kongresuak Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoa erreformatu ostean. Auzitegiak badaezpadako neurriak har ditzake ebazpen bat betearazteko; horien artean, isunak edo kargugabetzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.