Katalunia

Deskonexioaren hiru legeak prestatzen hasiko da Katalunia

Junts Pel Sik eta CUPek legeak idazteko batzordea sortzeko eskaria egin dute Parlamentuan.

2016ko otsailaren 3a
08:15
Entzun

Junts Pel Siko eta CUPeko ordezkariek Kataluniako Parlamentura jo dute gaur, independentzia prozesuari ekiteko beharrezko diren hiru lege egitasmoak abian jartzeko eskatzera. Kataluniako ogasun administrazioa, erregimen juridikoa eta gizarte segurantza arautuko dituzten hiru lege egitekoak dira, Espainiako marko juridikotik "deskonektatzeko", eta hiru lege horiek prestatuko dituen batzordea sortzeko eskaria egin dute gaur, zehazki.

Parlamentuan aurkeztu duten testuaren arabera, lege egitasmo itxiak aurkeztu eta horiei buruz eztabaidatu beharrean, alderdi guztiek parte hartzeko moduan eta "hutsetik hasita" egingo dituzte eztabaidak.

Lege egitasmoak bertan behera uzteko Espainiak helegiteak aurkez ditzakeelakoan, legeei hasieran eman zizkieten izenak aldatu egin dituzte: Gizarte Segurantzako legeari Gizarte babeserako Kataluniako lege integrala izena eman diote; Ogasunekoari, Kataluniako zerga administrazioaren legea; eta trantsizio juridikoarenari, Ordenamendu juridiko katalanaren legea.

CUPek adierazi du Espainiako Gobernuaren balizko helegiteak saihestu nahi dituztela. Gogoratu du Parlamentuak badituela eskumenak ogasunari buruz, gizarte babesari buruz, eta ordenamendu juridikoari buruz. "Hortik aurrera, estatuak Parlamentuaren ahalmen legislatiboa ezabatu nahi badu, Kataluniako instituzio demokratikoen aurkako eraso bat izango da, eta tamaina bereko erantzun batekin erreakzionatuko dugu", ohartarazi du Benet Salellas CUPeko diputatuak.

Kataluniako Parlamentuak iazko azaroaren 9an onartu zuen aldarriari jarraipena eman diote, beraz, JPSk eta CUPek. Hiru lege horiek egitea eskatzen zuen aldarrikapen hark, hilabeteko epean. "Kataluniako Errepublika existitu dadin beharrezko diren hiru oinarriak dira", esan zuten independentistek orduan. CUPeko diputatuek, gaur, berretsi egin dute gaurko eskariarekin urrats bat egin dutela, eta hemezortzi hilabetetan Kataluniako Errepublika eraikitzeko bidea hartu dutela.

Xavier Garcia Albiol PPren Kataluniako buruak "probokaziotzat" eta "desafiotzat" jo ditu independentistek egin nahi dituzten hiru legeak, eta esan du, legeak landuko dituzten lan taldeka sortu orduko, Espainiako Gobernuari eskatuko diotela helegitea jartzeko, bertan behera utz ditzaten.

ANC, AMI eta ACM, ikerketapean, sedizioagatik

Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindua eman die Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Kataluniako Mossoei, gaur, hain justu, ANC Biltzar Nazional Katalana, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartea eta ACM Kataluniako Udalen Elkartea ikertzeko. Azaroaren 9an Parlamentuak egin zuen deskonekxio aldarrikapenaren aldeko mozioak sustatu ote zituzten baieztatzeko eskatu die. Hala balitz, sedizio eta rebelio delituak egingo zituzketen, epailearen esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.