Ipar Koreako KCNA berri agentzia ofizialak ezagutzera eman du Piongiangeko gobernuak eten egin duela desnuklearizazio prozesua. Gobernuaren hitzetan, AEBek ez dute bete desarmerako negoziazio taldeko sei estatuk hitzartutakoa. Hala, helburu militarreko programa nuklearra desegiteko lanak iragan abuztuaren 14an gerarazi zituen Piongiangek. Desnuklearizazio prozesurako negoziazioetan, Ipar Koreaz gain, Hego Korea, Japonia, Txina, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuek hartzen dute parte.
Piongiangeko gobernuak argudiatu duenez, AEBek ez dute Ipar Korea terrorismoa sustatzen duten estatuen zerrenda-tik kendu, hala agindu zuten arren. Washingtongo gobernuak, ordea, Ipar Korearen jokaera zorrotzago behatu nahi du hura zerrendatik kendu aurretik.
Joan den ekainean bere instalazio nuklearren gaineko txosten bat -luzaz atzeratua- eman zion Ipar Koreak desnuklearizaziorako negoziazio taldeari. Horren truke AEBen terrorismoa sustatzen duten zerrenda-tik ezabatua izatea espero zuen. Halere, Ipar Korearen urratsak egiaztatzearen gaineko tirabirak ondo etorri zaizkio Etxe Zuriari izena zerrendatik oraingoz ez ezabatzeko.
Horiek hala, Ipar Koreak mehatxu egin du Jonbiongo plantan instalazioak berreraikitzeko. Horixe du planta nuklearrik behinena, eta ekainean dorre nagusia suntsitu zuen, desarmearekin zuen konpromisoa erakusteko.
Ipar Korea haserre dago, halaber, AEBek eta Hego Koreak berriki maniobra eta ariketa militarrak egin dituztelako elkarrekin, Hego Korean.
AEBetako Gobernuko ordezkariek ez dute oraingoz deklaraziorik egin. Estatu idazkaria, Condoleezza Rice, Palestinako lurretan dabil.
Mundua
Desnuklearizazio programa eten egin duela dio Ipar Koreak
Piongiangeko gobernuaren esanetan, AEBek ez dute bete desarmerako negoziazio taldeko sei estatuk hitzartutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu