Miguel Diaz-Canel Kubako presidentea Alderdi Komunistako idazkari nagusia ere izango da aurrerantzean, eta jarraituko du Raul Castrorekin kontsultatzen «nazioaren gerorako erabaki estrategikoak»; hark idazkari nagusi izateari utzi dio, 89 urterekin. Azken egunetan, alderdiaren VIII. Kongresua egin dute. Castrok hasieran adierazi zuen kargua uzteko asmoa, eta Diaz-Canelek itxieran eman zuen lehen hitzaldia.
Lau eguneko kongresu bat izan da, eta herrialdearen helburu nagusiak, estrategiak eta alderdiaren funtzionamendua eztabaidatu dituzte, besteak beste, ateak itxita. Hango hedabideek zabaldu dutenez, Diaz-Canelek esan du alderdi «demokratikoago» bat nahi duela, baina ez duela «kaosaren aktibismorik» onartuko.
2018an, Diaz-Canelek Castro ordezkatu zuen herrialdeko presidente karguan. Orduko adierazpenen antzekoak izan ziren atzokoak ere. Castrok dagoeneko ez du parte hartuko zuzenean herrialdeko erakunde nagusietan, baina gertu izango duela esan du idazkari nagusi izendatu berriak.
«Iraultzaren barruan iraultzaileena beti alderdia defendatzea da, alderdiak beti iraultza defendatuko duen modu berean», adierazi zuen Diaz-Canelek itxiera hitzaldian. Buruzagi berriak alderdia «erakargarriago eta herriarengandik gertuago» izan dadin nahi du. Kritikatu egin du uhartearen irudi «zurruna» erakusten duen pentsamendua: «Iraultzaren etsaiek gerrako kontzeptu ezohikoak erabiltzen dituzte, eta sentsibilitatearen, kulturaren eta pentsamenduaren bidez sartzen saiatzen dira», haren hitzetan.
Diaz-Canelek «gizartearen hainbat arlotako ordezkarien arteko topaketak» sustatu nahi ditu, eta ezinbestekotzat jo du militantzia eredugarri bat izatea, «gainontzeko herritarrek miretsiko dutena».