Dike bat lehertu da eta 5.000 lagun ebakuatu dituzte Errumanian

Egoera larria da Serbian, Bulgarian eta Hungarian ere, Danubio ibaia eta haren adarrak gainezka egiten ari direlako

Erredakzioa
2006ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Danubio ibaiak eta harekin bat egiten duten beste ibaiek gainezka eginda eragindako uholdeen ondorioz, oso egoera larria dute Europa ekialdeko hainbat herrialdek. Errumanian egin du oraingoz kalte gehien uholdeak, baina Serbian, Bulgarian eta Hungarian ere oso kezkaturik daude.

Errumania hegoaldeko Doljkonderrian, 5.000 bizilagun etxeetatik aterarazten hasi ziren atzo, Danubio ibaiertzean kokatutako Bistret hirian dike bat lehertu eta gero. Guztira zazpi hiri eta herritako biztanleak zituzten atera atzo goizaldean. Gainerat, beste 4.700 herritar euren etxeetatik ateratzerat behartu zituzten Calarasi eta Fetesti hirien arteko eskualdean. Dolj eskualdeko ibaiertzak gerizatzen dituzten dikeak sendotzen aritu ziren astelehenean eta gauean 10.000 militar eta sorospen taldeetako kideak, baina Danubioren ur emari itzelek urradura bat eragin zuten Bistreteko barraderan. Egoera konponezina zela ikusita, agintariek herritarrak etxeetatik aterarazteko manua eman zuten atzo goizaldeko 03:00etan.Errumaniako Barne ministro Vasile Blagak emandako argibideen arabera, 119 herri eta hiri daude urpean hartuta, 170 etxe erabat suntsitu dituzte uholdeek eta beste 629ri kalte egin azken horietatik 120 erortzeko arriskuan daude. Landutako 20.000 hektarea alor eta beste 17.000 hektarea landa eta pentze urek estalita daude, baita 500 kilometro errepide ere. Urpean hartutako nekazaritza lurralde horietan daude, baina, agintariek nahitara itoarazitakoak, Danubioren uholdeak ez ditzan urpean hartu hainbat hiri, hala nola Braila, Galati, Tulcea, edota Cernavodako zentral nuklearra. Ibaiertzeko hainbat diketan urradurak eginda, 2.000 milioi metro kubo uren desbideratzea kontrolatu dute.Barne ministroak zehaztu du, halaber, ehunka militar eta sorospen taldeetako kidek etengabe lan egiten dutela uren gainezka jartzeari aurre egiteko dikeak eraikitzeko, Barca, Bechet, Galati eta Segarcea hirietako ibaiertzeetan. Ingurumen Ministerioak emandako datuen arabera, Danubioren ur emaria segundoko 15.500 metro kubokoa zen atzo; bezperan, aldiz, 15.800 metro kubokoa zen. Egoera larri honetan, Errumaniako lehen ministro Calin Tariceanuk elkartasunez jokatzeko deia egin die herritarrei. «Agintariak eta sorospen zerbitzuetako jarduleak ahalegin guztiak egiten ari gara, baina herritarrek beraiek ere elkartasunez jokatu behar dute, zeren eta azken batean euren ondasunak baititugu gerizatzen», adierazi du Errumaniako gobernuburuak. Oraindik Errumanian bezain larria ez bada ere, egoera nahiko kezkagarria da Serbian eta Bulgarian, eta apurtxo bat gutxiago Hungarian. Serbian, Danubioren gainezka jartzeak Veliko-Gradiste eta Golubac hiriak arriskuan jartzen zituen. Veliko- Gradisten ur emari handiak dikeei kalte egin zien igande gauean, baina sorospen taldeek premiazko konponketak egitea lortu zuten. Serbia iparraldeko Vojvodina eskualdean ere kezka biziak daude Danubio eta horren ibaiadarren gainezka egiteagatik, eta astean zehar egoera larriagoa bihurtuko den beldur dira.

Danubioz gain, harekin bat egiten duten ibaiak ere gainezka daude azken egunotako euriteen eta elur urtzeen ondorioz. Hala, Mlava ibaiaren gainezka jartzeak Satri Kostolac herriko 300 etxeri kalte egin die. Egoera nahiko kezkagarria da, halaber, Zabalj eta Titel herrien artean, hots, Tisa ibaia Danubion sartzen den eskualdean. Belgrad hiriburuan egoera kontrolpean dagoela jakinarazi dute agintariek. Danubioren ibaiadar nagusia den Saveren ertzetan, berriz, 250 kilometro dike eraiki dituzte, uholdeei aurre egiteko xe-dez.

Bulgarian ere, egoera larria

Bulgarian ere alerta egoera indarrean dago Danubio bazterreko eskualdeetan. Hala, Vidin hiritik hurbil Danubioko urak 9,68 metroko altueran zeuden atzo, baina larrialdi egoeretarako ministro Emel Etemen ustez, 9,90 metrora igo daiteke ibaiaren maila gaurko. Nikopol hirian, Danubio 8,55 metrotan zegoen atzo eta erietxe bateko zein ibaiertzeko auzuneetako egoiliarrak etxeetatik aterarazi zituzten igandean. Danubioko bi adarren artean kokatutako Belen uharteko espetxetik presoak aterarazi behar izan zituzten. Ruse herrian, berriz, Danubio 8,79 metrora igo zen herenegun, eta horretan geratu zen atzo.

Hungarian, berriz, joan den asteari alderatuta, egoera hobera egiten ari da erdialdean, baina nahiko larria da oraindik ekialdeko eskualdeetan. Han, 8.000 lagun baino gehiago ari dira lanean, Danubio ertzeko dikeak sendotzeko.

DIRU GALERAK



 

Serbian 500 milioi euroren kalteak eragin dituzte





Serbiako agintarien arabera, herrialdeak pairatzen dituen uholdeek 500 milioi euroren galerak eragingo dituzte. Galera horietatik handienak nekazaritzan nabarituko dira, alorretako lanetan atzerapen handiak egongo baitira eta haien ondorioz uztak %20 eta %30 bitartean gutxituko baitira. Hungariari dagokionez, aldiz, uholdeek eragindako kalteen kostua 40 milioi euro baino gorago joango dela uste dute Budapesteko agintariek. Haatik, Errumanian dira azken egunotako uholdeen ondorioak garestien izango,baina oraingoz goiz da estimazioak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.