Protestak herrialde arabiarretan. Soslaia. Hosni Mubarak

Diktadore azkenera arte

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
1981ean, Anuar el Sadat Egiptoko presidentea hil zuten militar musulmanek desfile batean, Israelekin bake akordioa sinatu berritan. Alboan, palko ofizialean, armadako buruzagi garaia zuen: Hosni Mubarak presidenteordea (Kafr El Meselha, 1928). Atentatutik bizirik atera zenak 30 urtekoboterearen gehiegikerianiraun beharra eragin zien herritarrei, larrialdi legearen mendera bizitzera, baina azkenetan Niloko faraoia momia batekin konparatu zuten haren agurra espero zutenek, irailera arte jarraituko zuela esan zuenean, otsailaren lehenean: «Lerro estu bat dago kaosaren eta askatasunaren artean», esanez eragin zuen amorrurik biziena.

Hamarkadetan bere irudiak eta hitzak etengabe zabaldu badituzte ere herritarren ezezagun izatearen paradoxan bizi izan da, publikoki haien arteragerturatzeko diktadoreen abilezia ez baitu sekula landu, beharrik ere ez. Kairoko bizitza utzi etaSharm el Sheij jauregira joateko maiztasuna ezagun diote, Itsaso Gorriaren ertzera. Hantxe hartu izan ditu gustura haren egitekoa azkenera arte babestu duten buruzagiak.

AEBentzat, eta Mendebaldearentzat oro har, leku garrantzitsua bete du azken 30 urteotan. Haren aitzindari Anuar el Sadatek Israelekiko bakea sinatu zuen 1979an, ordura arte herrialde arabiarrek Ekialde Hurbileko gatazkan edukitako jarrera bateratua hautsiz. El Sadat 1981ean hitzarmenaren aurka zegoen militar talde batek hil zuen, eta orduz geroztik Mubarakek egonkortu du Israelekiko harreman baketsua, Afrika eta Asia elkartzen diren tokian, Mendebaldeak bere interesetarako beharrezkoa duen Suezko kanalaren leku estrategikoan oreka lortuz. Horren ordainetan, Washingtonek dirutan saritu du Mubaraken erregimena urteotan — 1.500 milioi eman dizkiote urtean armagintzarako—, eta diktadoreak «integrista terroristak arrastoan sartuta» izan dituelako harro agertu da mendebaldearen demokrazietan.

90eko hamarkadan hainbat islamista taldek Egipto Aljeria batean bilakatuko zutela egindako mehatxuak baliatu zituen errepresioa areagotzeko, ordurako ahulak ziren giza eskubideak erabat urratuz. Oposizioko kideek leporatu diote AEBen zerbitzuan CIAren terrorismoaren kontrako gerraren aliatu fidela izan dela, ezkutuko galdeketetarako eta torturetarako tresna, Niloren agertoki paregabean.

Kairon kontatzen dute gutxienez bi milioi egiptoarrek lan egiten dutela edo parte hartzen dutela estatuaren segurtasun zerbitzuarentzat. Mugimendu horretan bere gertukoena eta boteretsuena Omar Suleiman da gainera, Inteligentzia zerbitzuen arduradun boteretsua, eta orain trantsizioaz arduratuko dena gainera —aparteko kapitulua merezi du horrek—.Burdin eskuez 450.000 soldadu gidatu ditu, 350.000 polizia eta 22.000 guardia errepublikar.

Herrialde arabiarren artean prestigioa eta eragin diplomatikoa galduz joan da. Israeldarren eta palestinarren arteko bake akordioa biziberritzeko bitartekaritza alferrikakoak eta Gaza are gehiago ito duen Rafako muga ixteko erabakiak berarenganako ezinikusia handitu dute.

Eta etxean, tortura praktika etengabeetan eta iruzur eginez irabazitako hauteskundeetan ezkutatuz, babestuz eta isolatuz joan da mandataria. Politika jauntxo liberalen esku jartzeak ere ez die mesederik ekarri herritar gehienei. Bere seme Gamalen esku,jarduera ekonomikoa herritarren hondamendia izan da, batez beste 24 urte dituzten milioika egiptoarren pobrezia, eta osasun eta hezkuntza zerbitzu publikoakdegradatuz joan dira erregimen ustelduaren interesen menpe, baita bere etxera ere. Suzanne emaztea eta Ala bigarren semea ere milioika dolarren jabe egin ditu.

Egoera ekonomiko oneko familia batean jaio zen Mubarak, landa eremuan. Boterea lortu bitarteko ibilbidea armadan hasi zuen, 1940. hamarkadaren bukaeran. Aire indarretako pilotu bihurtu zen, eta, kasualitateak edo, bere aliatu izan denaren etsairik amorratuenak trebatu zuen 1959-1961 urteen artean: Sobiet Batasunak. Beste garai batzuk ziren. Gamal Abdel Nasr zegoen agintean, sozialismo arabiarraren aitzindari nagusia, Mendebaldeari buruhausteak sorrarazi zizkiolako sobietarrek ez hain gaizki ikusia.

Egiptok Sei Eguneko gerran izan zuen porrotagoranzko bidearen hasiera izan zen. Aire armadako buruzagi egin zuten 1967an, eta Israelekin borroketako hainbat erasoren arduradun izan zen. Iom Kippurko gerra prestatzen ere aktiboki aritu zen Siriarekin. 1975ean egin zuen politikara, presidenteorde aukeratu zutenean. El Sadat hil zutenean ondo-ondoan egonda ere onik atera zen, baita beste sei atentatutatik ere. Minbizia luze batek ere ezin izan du harekin, ezta bi aste luzez herrialdeko bazterretan,kaletan eta plazetan elkarretaratu diren herritarren protestak. Azkenera arte diktadore izango dela agerian utzi baitu orain ere Mubarakek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.