Diktadura amaitzeko erreferenduma

Diktadurako militarrei immunitatea ematen dien legea baliogabetzeko erreferenduma egingo dute gaur Uruguain

2009ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Ez naiz mendekuaz ari. Soilik barkamena eskatzeko aukera izan dezaten nahi dut». Amaral Garciak gurasoak galdu zituen Uruguaiko diktaduran. Militarrek atxilotu eta desagerrarazi zituzten. Hala ere, ez da errebantxismorik ageri haren hitzetan; hainbeste urte ondoren, umezurtz egin zuten haien ahotan barkamen hitzak besterik ez ditu faltan. Horregatik, boto arrosarekin bozkatuko du gaurko erreferendumean. Iraungitze Legea baliogabetzearen aldeko boto paperek, izan ere, kolore arrosa dute. Ezetzaren aldekoek, aldiz, ez dute ez kolorerik ez paperik. Haiek, legearen alde daudenek, ez dute zertan bozkatzera joan; ahalegin hori legearen aurka daudenek bakarrik egin beharko dute. Hala, hauteslekuetara joaten ez den edozein ezetzaren alde egiten dutenen talde berean sartuko dute. Sistema horrek alde txarrean utziko dituboto arrosak.

Diktadurak biktima egin zituen beste ehunka lagunen moduan, baina Garciak ere diktadurako kriminalak aske egiten dituen legea indargabetu nahi du. Herrialdearen urterik beltzenak argitzeko besterik ez bada, justizia egin nahi dio memoriari. Eta etorkizunari: justiziarik izan ez duen herrialdea sekula justua izango ez dela baitiote legearen aurka daudenek.

Diktaduran (1973-1985) gizateriaren aurkako krimenak egin zituztenak barkatzeko legea indarrean dago oraindik Uruguain. Gaurko galdeketaren bidez, baliogabe utzi nahi dute ehunka milaka lagunek. Erreferenduma egiteko bildutako sinadurak baino boto gehiago beharko dituzte, ordea, horretarako -300.000 lagunek izenpetu dute erreferendumerako lege proposamena-. Gehiengo osoa lortu behar dute, zigorgabetasuna amaituko badute.

Duela hogei urte egin zuten lehen aldiz Iraungitze Legea baliogabetzeko herri galdeketa. Orduan ezekoak irabazi zuen, botoen %57rekin. Legearen aurka daudenek, baina, testuinguruak, militarren mehatxuak eta beldurrak emaitza nabarmen baldintzatu zutela diote; baita orain gauzak bestela direla ere. Izan ere, azken bost urteetan ezkerreko gobernuak agindu du Uruguain, eta hark Iraungitze Legeaz egindako interpretazioari esker, diktadurako hainbat buruzagi ere eraman dituzte justiziaren aurrera. Iragan ostegunean, besteak beste, Gregorio Alvarez Goyo diktadore ohia 25 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten, 1977 eta 1978 artean oposizioko 37 lagun hiltzeagatik.

«Hala gertatuko ahal da»

«Duela hogei urte, lege zital hori berretsi zuten erreferendumean. Ekimen haren atzean egon ginen berberek egin nahi dugu berriro erreferenduma. Eta ez gaitu horrek lotsatzen: galdu egin genuen, gutxigatik baina galdu egin genuen; baina ez gara damu». Eduardo Galeano Uruguaiko idazle eta historialari ezagunak gauzak bestela irten daitezen erregutzen du; «zentzu komunak» irabazi dezan, boto arrosak nahikoa izan daitezen. «Hala gertatuko ahal da», dio, boz gora, erreguak lagunduko diolakoan. Dena dela, beste behin ezetzak irabazten badu ere ez dutela etsiko dio Galeanok: «Gauza bakar bat da segurua: historiak berebidea egingo duela, eta askatasunaren eta beldurraren artekoborrokak ere etengabe jarraituko duela». Idazlearen hitzetan, Iraungitze Legea diktadura militarraren «ondare tristea» da, «bere zorrak ordaintzera eta bere krimenak ahaztera behartzen dituena».

Asteartean, Justizia Auzitegi Gorenak Nibia Sabalsagarayren kasuan legea aplikatzeari uko egin zion, hala egitea Konstituzioaren aurkakoa litzatekeela argudiatuz. Inoiz ez zuen instantzia gorenak halako erabakirik hartu; horregatik, gaurko erreferendumean ezetzak irabazten badu ere, ebazpen horrek legea auzitan jartzen segitzeko aukera ematen du. Baita legea bera baliogabetuko duen helegitea aurkezteko ere. Dena dela, eta inkestak alde ez badituzte ere, erreferendumaren antolatzaileek erabaki hori herritarren esku uztea hobesten dute. Aurreikuspenen arabera, baietzaren alde herritarren %48k egingo dute.

Presidentetzarako bozak

Iraungitze Legea bertan behera uzteko erreferenduma ez ezik, presidentetzarako eta Legebiltzarrerako bozak ere gaur egingo dituzte Uruguain. Presidentetzarako Fronte Zabala alderdiko hautagaia da faborito. Lehen itzulian ez bada bigarrengoan, Jose Mujica Pepe gerrillari izandakoak hartuko du Tabare Vazquezen lekukoa. Duela bost urte bezala, hortaz, Fronte Zabalak irabaziko ditu bozak -lehen aldiz ezkerreko gobernua eratu zuten orduan-. Hala, aurreikuspenak betetzen badira, datozen bost urteetan ere ezkerrak jarraituko du agintean.

Inkesten arabera, botoen %44 eskuratuko ditu Pepek; hala, gehiengo osoaren faltan, bigarren itzulira aurkeztu beharko du,Luis Alberto Lacalle presidente izandakoarekin batera. Aurreikuspenek, izan ere, Alderdi Nazionaleko hautagai horri aitortzen diote bigarren postua, botoen %29rekin.

Nabarmen atzera geldituko dira beste hiru alderdiak: Colorado Alderdia, Alderdi Independentea eta Herri Batzarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.