ARGENTINA

Diktadurako kapitain Cavallo Madrilen espetxeratu dute

Herrialdeko zapalkuntza gune nagusietakoa izan zen Itsas Mekanika Eskolan preso politikoak torturatu izana leporatzen diote

Erredakzioa
2003ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Ricardo Cavallo Argentinako diktaduran Armadako kapitain izandakoa Espainiako Soto del Real espetxean (Madril) sartu zuten herenegun, torturak eta krimenak egotzita. Hala agindu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Garzonek baldintzarik gabe espetxeratzea erabaki zuen, ihes egingo zuen arrisku handia zegoelakoan. Argentinako militar ohiaren segurtasuna bermatzeko aparteko neurriak hartu dituzte espetxeetako erakundeek.

Akusazioen arabera, diktadura garaian 227 lagun desagerrarazi, ume jaioberriak gurasoei kendu, 110 lagun bahitu, torturatu eta gero aske uztearen erantzule da Cavallo. Alabaina, Argentinara joatea nahiko izango litzaioke auzipetzea saihesteko. Izan ere, orduko krimenen egileentzat onartutako Obedientzia eta Puntu eta Amaiera deituriko amnistia legeek eragotziko lukete.

Bere herrialdeko legeen aurkakoa izango litzatekeela argudiatuta, hain zuzen, deklaratzeari uko egin zion akusatuak, bi aldiz, igandean. Argentinako korbetako kapitain izaki, Espainian ezin zuela deklaratu esan zuen. Baltasar Garzon epaileak erantzun zion, ordea, ez zegoela Espainian Argentinako Aire Armadako ordezkari gisa, ustezko genozidio delitu egile gisa baizik. Auzitegiaren atarian, dozenaka lagun bildu ziren, Argentinako Giza Eskubideen aldeko Elkarteak deituta, militarrari arbuioa adierazteko.

Bildutakoetatik batzuk diktadurako biktimen senideak ziren (1976-1983). Genoziden biktimentzat justizia unibertsala aldarrikatu zuten pankartaren bitartez.

Cavallo igandean iritsi zen Mexikotik, ekainaren 10ean hango Auzitegi Gorenak Garzonen estradizio eskaria onartu ondoren Garzonek 2000ko irailean eskatu zuen estradizioa. Espainiako Aire Armadako hegazkin batean iritsi zen Cavallo Madrilera, balen aurkako txaleko bat jantzita zuela. Soto del Realeko espetxean segurtasun neurri bereziak hartu zituzten Cavallo babesteko.

Espetxeetako iturriek atzo adierazi zutenez, Cavallo bakarrik egongo da, eta soilik beste hiru presorekin aterako da patiora. Beste presoekin harreman mugatuak izango ditu, segurtasun neurri gisa.

Akusazioak bermerik gabeko espetxera zezala eskatu zion epaileari; fiskalak, berriz, aske uzteko. Pedro Rubira fiskalak esan zuen Espainiako justiziak ez duela eskuduntzarik Cavalloren kasua epaitzeko. Argudio hori bera baliatu zuen Argentinako militarraren abokatu Antonio Ferrer Samak. Garzon epaileak esan zuen, ordea, fiskalak bere eskaria oinarritzeko erabili zituen Auzitegi Goreneko bi epaiek ez dutela eraginik kasu honetan. Gainera, biktimen artean espainiarrak izanda eta Cavallo bera Espainian dagoenez, auzitegiak badu ahalmena bera epaitzeko.

Cancunetik Madrilera, hiru urteko prozesua

Ricardo Cavallo, Marcelo eta Serpico ezizenez ere ezaguna, 2000. urtean atxilotu zuen Mexikoko Poliziak, Cancunen, egunkari batek zabaldu ondoren bost preso politiko ohik haien torturatzaile gisa identifikatu zutela.

Orduz geroztik, estradizio eskariaren aurka aritu da borrokan. Ezkerreko jendea bahitu eta torturatzea helburu zuen Argentinako Armadaren ezkutuko talde bateko kide izatea leporatzen diote; zehazki, Argentinako Itsas Mekanika Eskolan presoak torturatzea. Argentinako diktadurako zapalkuntza gune nagusietakoa izan zen berau.

Akusatuak, berriz, giza eskubideen aurkako bortxaketak egin izana ukatu du.

Ezkerreko militanteen aurkako jazarpenaren ondorioz, 30.000 lagun hil edo desagertu ziren diktadura garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.