Asteartean hasitako protesta handiei aurre egiteko, Egiptoko presidente Hosni Mubarakek gobernua desegin du eta aldaketak agindu ditu. Hala eta guztiz ere, neurriak iragartzea ez da nahikoa izan herritarren haserrea baretzeko. Atzoko protesta eguna bosgarrena zela, ehunka mila lagun Kairon eta beste hainbat hiritan kalera atera dira, Mubarakek agintetik alde egin dezan exijitzeko. Horrek, bi izendapen baino ez ditu egin, gobernua desegin ostean: presidenteorde, Omar Suleiman zerbitzu sekretuetako burua eta haren laguntzaile leiala; eta lehen ministro, Ahmad Chafic jenerala, Aire Nabigazioko ministro zena. Chaficek osatu beharko du gobernu berria.
1993tik Egiptoko zerbitzu sekretuetako buru da Omar Suleiman, eta atzo arratsalde erditsuan zin egin zuen. Egiptoko Konstituzioan postu hori zehaztuta egonagatik, Mubarak 1981ean presidentetzara iritsi zenetik inork ez du bete. Gertakariaren berri hartzean, aditu batzuek esan dute Mubarak hasia dela, beharbada, segida prestatzen.
Izendapen horien jakinean izan ala ez, ehunka mila herritar jaitsi dira bosgarren egunerako jarraian Kairo hiriburuko eta Egiptoko beste hainbat hiri handitako kaleetara protesta egitera. Mubarak alde hemendik izan zen, aurreko egunetan bezala, gizonezko nahiz emazte, gazte zein adineko herritar guztien ahotik irteten zen oihua. Kale protesta horiek galarazteko asmoz, baina, Mubaraken aginteak etxeratzeko aginduaren epea luzatu zuen 16:00etatik biharamuneko 08:00ak arte. Neurri horri muzin egin diote, beraz, milaka eta milaka herritarrek, eta aginteak kalera aterarazitako tankeen artean egin dituzte manifestazioak.
Etxeratzeko agindua errespetatzeko eskatu diete militarrek herritarrei, bestela arriskuan egongo direla esanez; baina atzo iluntzera artean, behintzat, armadak ez zien protesta egileei oldar egin eta kasu batzuetan soldaduen eta manifestarien arteko laguntasun jarrerak ikusi ziren. Militar batzuek herritarrekin bat egin zuten, Mubaraken kontra.
Hildako gehiago liskarretan
Haatik, zenbait lekutan borroka gogorrak piztu dira kalera jaitsi direnen eta polizien artean. Hala gertatu da Kairon,Barne Ministerioko egoitzaren inguruan, manifestari batzuek honi eraso egin nahi izan diotelarik. Polizia indarrek tiroka aurre egin diete manifestariei eta hiru lagun hil dira, lekukoen arabera. Kairo hiriburuaz gain, beste liskar larririk egon da Egiptoko beste hiri batzuetan. Hala, Sinaiko penintsulan, Rafa hirian, Gazako lurralde palestinarreko mugan, manifestariek Estatu segurtasunerako egoitzari eraso egin diote. Oldar egite horretan, hiru poliziak bizia galdu dutela zabaldu dute zenbait informazio iturrik. Suezko kanalaren ertzean, berriz, Ismailia hirian, borroka gogorrak egon dira manifestarien eta segurtasun indarren artean. Alexandrian ere, milaka eta milaka protesta egile jaitsi dira kalera, eta polizia etxe andanari eraso egin diete, horietatik batzuei su emanda. Segurtasun zerbitzuek zabaldutako datu baten arabera, Egiptoko polizia etxeetatik %60 andeatuak edo suntsituak izan dira azken bost egunotan, horietatik 17 Kairon bertan.
Haserre agerraldi jendetsu horiek gertatu dira Hosni Mubarakek ostegun arratsean telebista kateetan aldaketak iragarri arren. Gobernua berrituko zuela eta herritarren eskariei erantzunak emango dizkielaziurtatuzuen presidenteak. Erreformak egongo direla agindu duen arren, horiek zein izango diren ez du zehaztu. «Demokrazia gehiago, baita langabezia, pobrezia eta ustelkeriari aurre egite neurri eraginkorrak ere nahi dituzuela aditu dut, eta gobernu berriari eginbehar argi eta zehatzak aginduko dizkiot, egungo egoerari premiazko erantzunak emateko gisan», adierazi du Mubarakek. Haatik, une berean, «Egiptoren egonkortasuna eta egiptoarren segurtasuna zorrotz zainduko ditut», ohartarazi du, protesta egileei «herrialdearen egoera kolokan jartzeko nahia», egotzita.
Hitz horiei nolabait erantzunda, Mubaraken agintearen aurkari ezagunetarik den Mohamed ElBaradeik «agintetik alde egiteko» eskatu dio. «Presidenteak ez du batere aintzat hartu herriak helarazi dion mezua, eta haren mintzaldia erabat hutsala izan da; hori dela eta, protestek olde gero eta handiagozjarraituko dute, aginte hau erori egin arte», gaineratu du 2005ean Bakearen Nobel Saria jaso zuenak eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarte Agentziako zuzendari urtetan egondakoak.
Mubaraken barne oposizio indartsuena den Anaia Musulmanak erakunde islamikoak, berriz, «trantsizioko gobernu baten eratzeko» deia egin du, boterean den «PND alderdia saihestuz», «hauteskunde zintzoak antolatzeko eta aginte aldaketa baketsu bat gauzatzeko helburuekin».
Egiptoren aliatuen aldetik, berriz, AEBetako presidente Barack Obamak «agindutakoak betetzeko eta neurri zehatzak berehala hartzeko» eskatu dio Mubaraki.
Liskarrak herrialde arabiarretan
Dimisioa eman behar duena bera dela esan diote herritarrek Mubaraki
Gobernua desegin eta gero, Egiptoko presidenteak militarrak jarri ditu presidenteorde eta lehen ministro karguetanHerritarren eta polizien arteko borroka gogorrak izan dira Kairon eta hainbat hiritan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu