Italia

Dimisioa eman du Enrico Lettak

Giorgio Napolitano Italiako presidenteari aurkeztu dio dimisioa, eta hark onartu egin dio. Lehen ministroak "lagundu" ziotenei eskerrak eman dizkie, eta azaldu du buruzagi gisara egin dituen egun guztiak azkena balitz bezala bizi izan dituela. Atzo, PDren biltzar nagusian, Matteo Renziren "errelebo planak" 136 boto jaso zituen alde, eta hamasei kontra.

Enrico Letta. ALESSANDRO DI MEO, EFE
2014ko otsailaren 14a
15:49
Entzun

Enrico Letta lehen ministroaren eta bere kabinetearen dimisioa onartu du Italiako Errepublikako presidente Giorgio Napolitanok. Estatuburuak gaineratu du bilera errondari ekinen diola orain alderdi politiko guztiekin, “krisiari irtenbide eraginkorra bilatzeko”.

Napolitanok ukatu egin du Parlamentuan bozketa eginen dutenik Lettaren konfiantza galeraren inguruan, eta gaineratu du diputatuek aukera izanen dutela gertatutakoaz iritzia emateko, gobernu berria osatu ostean.

Errepublikako presidentearen oharrean azaltzen denez, Lettaren dimisioa “ezin da atzera bota”, eta PD Alderdi Demokrataren zuzendaritzak hartutako erabakiaren “ondorio zuzena” da. Atzo, Lettaren gobernua aldatzeko proposamena onartu zuen alderdiak, alde handiz.

45 minutuko bilera egin dute Napolitanok eta Lettak Quirinale jauregian. Lehen ministroak onartu du “gobernua osatzen zuen alderdi nagusiaren babesa galduta”, ezinezkoa zitzaiola karguan jarraitzea. Aurretik, laguntza eman dioten guztiei eskerrak eman dizkie sare sozialetan, eta nabarmendu du egun guztiak “azkena balira bezala” bizi izan dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.