Protestak herrialde arabiarretan

Dimisioa emango duela esan du Ali Abdula Salek, boterean dagoen beste norbaiten eskuetan utziz

Ez diola Yemengo agintea oposizioari emango gaineratu du, eta agintean dauden beste batzuen esku utz dezakeela iragarri du, zibilak edo militarrak. 33 urte daramatza agintean. Saudi Arabiatik itzuli zenean hauteskundeak irabazi beharko dituela esan zion oposizioari. Tawakul Karman Bakearen Nobel saridunak ez diola sinesten esan du, eta iraultza baketsuak jarraituko duela.

2011ko urriaren 8a
19:00
Entzun

Ali Abdula Sale Yemengo presidenteak zenbait parlamentariri jakinarazi dienez, dimisioa emango du. Hala ere, ez diola agintea oposizioari emango gaineratu du. Duela 33 urte hartu zuen agintea Salek, eta azken hilabeteetan, urtarriletan, hainbat eta hainbat izan dira dimisioa eskatu dutenak, azkenak, atzo bertan.

Hala ere, agintea hurrengo egunetan utziko duela esan du, baina egun zehatzik gabe, parlamentari horietako batek azaldu duenez. Ez da Salek agintea utziko duela esaten duen lehen aldia, baina gaur esan du boterean dagoen beste norbaitengan utziko duela, zibila edo militarra. "Horiek ez diote herrialdeari sabotajea egingo", esan du.

"Boterea errefusatzen dut"

Yemengo telebistak jaso du parlamentari horietako baten testigantza, eta dimisioa datozen egunetan emango duela azaldu du. "Boterea errefusatzen dut, eta uko egingo diot datozen egunotan, baina ez oposizioari emateko", esan du Yemengo telebista publikoaren arabera.

Ikusteko dago edonola oraingoan boterea uzten du. Tawakul Karman Bakearen Nobel saridun izendatu berriak, adibidez, iragarpenaren berri izan ostean ezbaian jarri du Saleren erabakia: "Orokorrean ez diodu sinesten. Horregatik manifestariek aurrera jarraituko dute iraultza baketsuarekin, Salek herri iraultzaileari lapurtu dion boterea itzuli arte", adierazi dio Al Jazeera telebista kateari.

Hainbat aldiz ez du hitz emandakoa bete

Sale irailaren 23an itzuli zen Yemenera, Saudi Arabian atentatu batean jasan zituen hainbat zauri sendatzen egon ostean. Itzuli eta gutxira Golkoko Kooperazio Kontseiluaren planak jasotzen duen aginte trantsizioa betetzeko konpromisoa hartu zuen, hirugarren aldiz, eta oposizioari hauteskundeak irabazi behar dituela adierazi zion. Hirugarren aldiz, ordea, ez zuen konpromisoa bete. 

Plan horren arabera, presidenteordeak hartuko du agintea, eta ondoren hauteskundeak deituko dituzte. 2006an esan zuen lehen aldiz Salek boterea utziko zuela; orduko horretan hauteskundetara ez zela aurkeztuko ziurtatuz. Azken unean, ordea, aurkeztu egin zen eta botoen %80 jasoz izendatu zuten berriro presidente.

Al Hamdi gogoan

Milaka eta milaka pertsona atera ziren atzo kalera Yemenen, Ali Abdula Sale presidentearen dimisioa eskatzeko. Albiste agentzien arabera, hiru milioi izan dira herrialde osoan, eta Sana hiriburuan, 800.000. Al Hamdiren eguna izendatu zuten atzokoa, 1977an hil zuten Ipar Yemeneko presidentea gogoan.

Manifestariek Sanaren dimisioa eskatu, eta Al Hamdi goratu dute. "Yemenek Al Hamdi bezalako lider bat nahi du, eta ez Sale bezalako zapaltzaile bat", esan du batek. Ipar eta Hego Yemen 1990. urtean elkartu ziren eta Yemengo Errepublika sortu zuten.

Aurreko protestaldietan bezala, oposizioak atzo segurtasun indarren jarrera salatu zuten. Hasaban, esaterako, Ahmar tribuko kideek, Saleri leial zaizkionak, manifestarien aurka tiro egin dutela salatu dute. Ez da, itxuraz, hildakorik izan. Taizen ere Saleren aldekoek jabetza pribatua eta dendak erasotu dituztela esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.