Omezzine Khelifa. Ettakatoleko hautagaia

«Diplomazia handia erakutsi beharko dute agintari berriek»

Ane irazabal
Tunis
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Omezzine Khelifa (Tunis, 1982) Frantziatik sorterrira itzuli zen iragan urtarrileko iraultzaren testuinguruan. Ben Aliren erregimena erori ostean, ibilbide politikoari ekin zion, eta ordutik Ettakatol foroko kidea da (Internazional Sozialistaren parte da Ettakatol). Hauteskundeetan Tunis hiriburuko hautagaietako bat izan da.

Positiboa al da hauteskundeen inguruko balorazioa?

Ikuspuntu orokorrari dagokionez, positiboa da guretzat. Boz garbiak izan dira, eta tunisiar gehienek parte hartu dute. Bestalde, iraganarekin apurtu nahi duten alderdiak, agertoki politikoaren benetako aldaketa bati ekin diotenak eta Tunisiaren beste ikuskera bat partekatzen dutenak aukeratu dituzte herritarrek.

Bestalde, pozik nago gure alderdiak jaso dituen emaitzekin, baina, ezkertiar naizen aldetik, panorama orokorrak pixka bat arduratu egiten nau. Beste alderdi progresistek ez dute inolako pisurik izango Batzar Konstituziogilean, eta, beraz, Konstituzio berriaren eraketan oso eragin txikia izango dute.

Zerk eragin du tunisiarrek alderdi islamistari babesa ematea?

Alderdi islamista presente da Tunisia guztian, eta tokian tokiko egoitzak oso ongi antolatuta dauzka. Tunisiarrek sentitu dute Ennahda beraiengandik hurbil dagoela, eta ondo dakitela herritarrek zer arazo dituzten. Sektore laikoak, ordea, elite intelektual gisako irudia eman izan du, eta kaletik urrun dagoela uste dute askok.

Tunisiako egoera sozioekonomikoa zaila da, eta populazioak babestuta sentitzeko beharra ikusi du. Ennahda egonkortasuna transmititzeko gai izan da.

Iritzi publikoak arrazoirik ba al du emaitzez arduratuta egoteko?

Ez dut uste. Ennahdak badaki Tunisiak berebiziko garrantzia izango duela udaberri arabiarraren garapenean, eta ziur nago ez dela mundutik bakartuko. Islamismo moderno baten irudia ematen saiatuko da. Beraz, erronka zaila du Ennahdak mahai gainean; izan ere, badakite beldurra badagoela. Diplomazia handia erakutsi beharko dute agintari berriek.

Bestetik, zer dago beldurraren atzean? Ezin dugu ahaztu islamismoa erabili zutela askok denbora luzez pairatu genuen diktadura justifikatzeko, Europa eta atzerria islamistengandik babesten zuelakoan.

Europako iritzi publikoak, berriz, duela hilabete asko aukeratu zuen norengan jarri arreta; izan ere, hedabideak Ennahdaren inguruan bakarrik hitz egiten ari dira. Ez dute erakutsi nahi izan eraikitze prozesuan dagoen Tunisiaren beste ikuskera. Soilik, alderdi islamistan sakondu dute.

Baina beste errealitate horiek hauteskundeak galdu dituzte.

Ez dira Batzar Konstituziogilearen ordezkari izango, baina kontuan izan behar dugu alderdi gehienak sortu berriak direla, eta herritarrek ez zituzten ondo ezagutzen. Ennahda duela 30 urtetik dago, eta oso ondo antolatuta, gainera. Legezkotzat jo baino lehenago, urteak zeramatzan klandestinitatean lan egiten, eta hori nabaria da. Beraz, hauteskundeetan heldutasuna erakutsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.