Diplomazia lehenetsi arren, armatzen ari da Siriako oposizioa

Kofi Annan oposizioko ordezkariekin bildu da Turkian; SNCk, berriz, Siriako Armada Askea finantzatzeko ituna sinatu duErrusiak berretsi du ez duela berrikusiko Damaskorekin duen lankidetza militarra

Jon Fernandez.
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Kofi Annanen Siriako lanak ez ditu emaitzak berehalakoan emango. Halaxe aitortu du NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako ordezkari bereziak Turkian. Prozesu diplomatikoak denbora hartuko du, Siriako egoera «konplexua» delako. Hiru helburu ditu Annanen misioak: su-eten bat lortzea, laguntza humanitarioari sarrera bermatzea eta elkarrizketa politikoa abiatzea. Oraingoz, ez du lehen pausoa ere lortu, baina Annan baikor ageri da.

Oposizioko bi talde handienetako batekin bildu zen atzo Annan Ankaran, SNC Siriako Kontseilu Nazionalarekin. «Erabateko lankidetza» hitzeman dio Burhan Galiun Parisen bizi den SNCko buruak Annani. Lehentasuna aterabide diplomatiko bat aurkitzea dela nabarmendu dute SNCko ordezkariek, baina zenbait herrialdek oposizioari armak ematen dizkietela ere gogorarazi diote Annani. Areago, atzo bertan, Siriako Armada Askea finantzatzeko ituna sinatu zuen SNCk. Malek Kurdi oposizioko armadako bigarrenaren arabera, «laguntza logistikorako eta Siriako herritarrak defendatzeko armak erosteko» erabiliko dute diru hori.

Al-Assaden armadatik ihes egindako 25.000 militar inguruk osatzen dute Armada Askea, oposizioren arabera. Dirua batez ere herrialde arabiarretako gobernuetatik iristen zaiela azaldu du Kurdik. Hala ere, uste du atzerriko esku hartzea dela «sarraskia gerarazi eta gerra zibila saihesteko bide onena». SNC ere iritzi berekoa da. «Berehalako esku hartze militarra» eskatu zuen herenegun Istanbulen, baita oposizioa armatzea ere.

Hala eta guztiz ere, oposizioko ordezkariekin egindako bilera «oso erabilgarria» izan da Annanentzat. «Garrantzitsuena orain Sirian indarkeria bukatzea da. Siriako herritarrek zenbait eskari dituzte, eta merezi dute eskari horiek betetzea. Misio hau hastean nabarmendu nuen horixe dela oinarrizko printzipioa, siriarren ongizatea», azaldu du Annanek.

Asteburuan Baxar al-Assad Siriako presidentearekin hitz egin ostean, haren «erantzun zehatzen» zain dago Annan. Damaskok atzo bertan erantzutea espero zuen, baina eguna bukatzerako ez zuen Siriako erregimenaren erantzunik jaso: legebiltzarrerako bozetarako eguna baino ez. «Borondate onez eta irmotasunez jokatuta, espero dut aurrera egin ahal izango dugula», azaldu du Annanek. «Al-Assaden erantzuna daukagunean jakingo dugu nola erreakzionatu».

Moskuren jarrera

Errusiak berretsi du Sirian erregimena aldatzeko eskatzeak, oposizioari babesa emateak eta atzerriko esku hartzea eskatzeak herrialdeko gatazka gaiztotu baino ez dutela egingo. Moskuko Atzerri ministro Sergei Lavrovek salatu du, gainera, potentzia batzuk NBEko Segurtasun Kontseilua manipulatzeko ahaleginetan ari direla, Udaberri Arabiarra aitzakiatzat erabiliz.

Errusiak, bestalde, gogor eusten dio Siriaren aliatu rolari, eta ohartarazi du ez duela berrikusiko Damaskorekin duen lankidetza militarra. «Ez da sekretua Siriarekin lankidetza militar ona eta sendoa daukagula. Eta, gaur egun, ez daukagu gure itunak berrikusteko inolako arrazoirik», adierazi du Anatoli Antonov Moskuko Defentsa ministrordeak.

Al-Assaden erregimena babestu arren, Errusiak oraindik ez du argitu hilaren 18an Iranek Damasko babesteko antolatutako bileran egongo ote den. Libanok ere ez du oraindik ofizialki baieztatu parte hartuko duen, ezta Txinak ere. Pekinek, hain zuzen, Arabiar Ligarekin «adostasun zabala» duela baieztatu du Sirian «konponbide politikoa» bilatzearen inguruan.

Turkiak, berriz, Siriaren Lagunen bigarren bilera antolatzen ari dela iragarri du —otsailaren 24an egin zuten lehena, Tunisian—. Datorren apirilaren 2an egingo dute, Ankaran. Al-Assadi presio gehiago nola egin aztertuko dute bertan. Washingtonen, berriz, Barack Obamari egin dio presio Walter B. Jones Ipar Karolinako ordezkariak Kongresuan. Ebazpen bat sartu du ordezkarien ganberan, Etxe Zuriak Kongresuaren baimenik gabe Siriara tropak bidaliz gero Obamari impeachment prozesua ezartzeko. Bere agintaldian egindako ustezko krimenengatik epaitu ahal izango lukete Obama kasu horretan. Nolanahi ere, lehenik Kongresuak onartu egin beharko luke Jonesen ebazpena.

Gutxienez, 36 hildako

Nazioarteko ahaleginak ahalegin, odol jarioak ez du etenik Sirian. Atzo bertan, gutxienez 36 lagun hil zituzten Al-Assaden indarrek, oposizioko iturrien arabera; Homsen, Idliben eta Damaskoren aldirietan batez ere.

Sirian zibilen kontra egindako azken sarraskiak baieztatzeko, «alderdikeriarik gabeko nazioarteko ikerketa bat» egitea eskatu du Arabiar Ligak. Bestalde, Human Rights Watchek salatu du Al-Assaden erregimenak minak jarri dituela Libanorekin eta Turkiarekin dituen mugetan. NBEren arabera, 30.000 herritarrek ihes egin dute dagoeneko Siriatik: Turkiara joan dira 13.000 lagun, Libanora beste 10.000 eta Jordaniara bete 7.000.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.