Hurrengo astearterako, asteazkenerako eta ostegunerako politika orokorrari buruzko osoko bilkura bat dago deituta Legebiltzarrean. Prozesu subiranistaren harira matxinadagatik auzipetuta (eta kartzelatuta edo erbesteratuta) dauden parlamentari kargugabetuei buruzko bozketa asteartean egingo dute (12:00).
Diputatuen Estatutuaren Batzordeak onartutako ebazpeneko bi puntuak bozkatuko dituzte. Puntu bakoitza bananduta bozkatuko dute. Kataluniako Legebiltzarreko araudiko 25. artikuluaren arabera, gehiengoa beharko dute onartuak izan daitezen; hau da, 68 boto. Lehen puntuarekin, ez da arazorik egongo. JxC Junts Per Catalunyak, ERC Esquerra Republicanak, Catalunya En Comuk eta CUPek Carles Puigdemonten, Oriol Junquerasen, Raul Romevaren, Jordi Turullen, Jordi Sanchezen eta Josep Rullen kargugabetzeen kontra bozkatuko dute. Uztail hasieratik daude kargugabetuta.
Ebazpenaren bigarren puntuarekin, berriz, ikusteko dago zer gertatuko den. Gehiengo parlamentarioak ez aldatzearren, puntu horrek proposatzen duena da auzipetutakoek ordezko bat aukeratu ahal izango dutela aurrerantzean ere beraien eskubideak bete ahal izan ditzaten; alegia, aurrerantzean ere botoa delegatzeko eskubidea eduki dezatela.
CUPek ez du zehaztu zer egingo duen kasu horretan. "Legebiltzarrak kargugabetzeen kontra bozkatzen badu, parlamentariek beren eskubideei eutsiko liekete", adierazi du Vidal Aragones antikapitalisten diputatuak. Beraz, iruditzen zaio sobera legokeela bigarren puntua.
JxCk eta ERCk ez dute nahi hurrengo asteko bozketan auzipetuek botoa delegatuz parte hartzea; eta kontuan hartu behar da, gainera, Antoni Cominek (ERC) botoa delegatzeari uko egin ziola maiatzean, baina diputatu aktari eusten diola. Horrenbestez, 66 batu beharrean, 59 boto batuko lituzkete JxCk eta ERCk; Comukoen zortziak batuta, 67. Ez dira nahikoa, bat gehiago beharko lukete, ebazpena onartua izan dadin.