KATALUNIA

Diputatu kargugabetuek beren eskubide politikoak mantenduko dituzte

Puigdemontek, Junquerasek, Rullek, Turullek, Romevak eta Sanchezek botoa delegatzen jarraitu ahal izango dute.

Gauko saioaren une bat. QUIQUE GARCIA / EFE
Igor Susaeta.
2018ko urriaren 2a
18:48
Entzun

Prozesu subiranistaren harira matxinadagatik auzipetuta dauden parlamentari kartzelatu edo erbesteratuen egoerari buruzko bozketa egin dute Kataluniako Parlamentuan. JxC Junts Per Catalunyak eta ERCk proposatu eta pasa den ostiralean Diputatuen Estatutuaren Batzordeak ontzat emandako ebazpena bozkatu dute, eta aurrera atera da.

Ebazpenak bi puntu ditu. Lehena Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak, buruzagi independentisten aurkako kausaren instrukzio epaileak, duela ia hiru hilabete agindutako kargugabetzeei buruzkoa. JxCk, ERCk, Catalunya En Comuk eta CUPek kontra bozkatu dute. 71 boto.

Bigarren puntuak proposatzen duena da parlamentariek diputatu aktari eustea, eta, orain arte bezala, botoa delegatzen jarraitzea. Ez dute, ordea, soldatarik jasoko. JxCk, ERCk eta Comukoek alde bozkatu dute, eta CUPek kontra. Antikapistalistei iruditzen zaie lehen puntuan kontra bozkatuta nahiko izan beharko litzatekeela, eta, gainontzean, Legebiltzarrak bere subiranotasuna baliatu beharko lukeela. 

66 boto nahikoa izan dira ebazpenaren bigarren puntua onartzeko. Joan den ostiralean Joan Ridao genberako letradun nagusiak esan zuenez, gehiengo osoa beharko zen aurrera ateratzeko. Ez da hala izan, ordea. Kargugabetutako diputatuek ez dute bozketan parte hartu; ezta Antoni Cominek ere (ERC), botoa delegatzeari uko egin zion. Modu horretan 58 parlamentari dituzte JxCk eta ERCk. Baina Comukoek ere alde bozkatu dute, eta 66ra iritsi dira.

Ciutadans, PSC eta PPC alderdi unionistek ez dute bozketan parte hartu. Ciutadansekoek eta popularrek, gainera, hemiziklotik alde egin dute bozkatzeko orduan.

Ines Arrimadas Ciutadanseko liderrak iragarri du kereila bat aurkeztuko dutela Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen kontra, baita Mahaiko kideen aurka ere, "Gorenari desobeditzeagatik".

Gaur arratsaldetik etzira bitartean politika orokorrari buruzko osoko bilkura egingo dute Legebiltzarrean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.