Aurreikusia zegoen bezala, Diputatuen Ganberaren konfiantza botoa lortu du Italiako lehen ministro Romano Prodik. Atzo eginiko bozketan 326 diputatuk eman zioten babesa, eta 275ek, aldiz, kontrako botoa. Konfiantza mozioa behartu zuen alderdiak, UDEUR Europarako Demokraten Batasunak, ordea, ez zuen bozketan parte hartu, bere 14 diputatuen botoek bozketaren emaitza baldintzatuko ez zutela iritzita. Haatik, gaur Senatuan egingo duten zentzu bereko bozketan parte hartuko dute .
Horiek hala, Italiako prentsaren arabera, bazitekeen bart Prodik dimisioa ematea, Senatuaren konfiantza lortuko ez zuelakoan.
Diputatuen Ganberaren babesa aisa lortu du Prodik, bozketa gainditzeko gutxieneko kopurua 301 baitzen, eta berak 15 botoren aldearekin igaro du langa hori.
UDEURek konfiantza mozioa eragitearen arrazoia bere buruzagi Clemente Mastellaren dimisioan datza. Izan ere, joan den astea arte Prodiren gobernuan Justizia ministro zen, baina ustezko ustelkeria politikoagatik ikertzen ari zirela jakitean, dimisioa ematea erabaki zuen Mastellak.
Gaur Senatuan egingo duten bozketan bere hiru senatariek Prodiren aurka bozkatuko dutela jakinarazi du UDEURek. Duela gutxi arte koalizio gobernua sostengatu duten beste senatari batzuek ere Prodiri ezezkoa emango diotela azaldu dute, baina behatzaileen esanetan, boto asmoaren gaineko halako adierazpenak ohikoak dira Italiako Legebiltzarrean, baita bozketa baino lehenxeago iritzia aldatzea ere.
Nolanahi ere, UDEURen babesa galtzearekin batera, Senatuan zeukan gehiengoa ere galdu du Prodi buru duen koalizioak. Soilik bi senatariren aldea zeukan lehen.
BOZKETAREN OSTERAKO PRESTATZEN. Italiako hedabideek bart zioten Prodi azken unean UDEUReko senatari bat, Nuccio Cusumano, bere alde bozka dezan konbentzitu nahian ari zitekeela, baina informazio hori ez zuten baieztatu.
Cusumanoren sostengua izan edo ez, adituek uste dute Prodiksenatari batzuen bizi bitarteko babesa lor dezakeela. Batzuen batzuek beren babesa jakinarazi dute: Carlo Azeglio Campi, Emilio Colombo, Rita Levi Montalcini, Oscar Luigi Scalfaro eta Giulio Andreottik. Francesco Cossiga zalantzati dabil. Ikusteko dago bozketetan parte hartzen ez duen bizi bitarteko batek, Sergo Pininfarinak, orain zer egingo duen.
Prodik bigarren bozketa gainditu ez dezakeela iritzita, lehen ministro ohi Silvio Berlusconi (Forza Italiakoa) eta Aliantza Nazionala eta Lega Nordeko bere aliatuak hasi dirabozak udaberrian egiteko eskatzen.
Diputatuen Ganberaren konfiantza botoa jaso du Italiako lehen ministroak
Prodik Senatuko bozketari egin beharko dio aurre gaur; Gobernua bertan behera geratzeko aukerak daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu