Europako Parlamentuko kontserbadoreek proposatutako hautagaiari eman diote Sakharov saria aurten: Guillermo Fariñas Kubako disidente eta kazetariari. Saria hari ematea esanahi handiko keinua izan da; izan ere, Europako Batasuneko eta uharteko ordezkariak egun gutxi barru bilduko dira. Beste behin, Bruselaren eta Habanaren arteko harremanak aztertu behar dituzte bi aldeek, bere horretan mantendu edota dena normalizatzeko bidean jarriko duten erabakitzeko. Fariñas eta oro har Kubako disidentzia sarituz, baina, EBren apustua, bigarrenaren aldekoa beharrean, gauzak daudenean uztearen aldekoa izango dela dirudi. Gaur egun Bruselak duen «jarrera komuna» Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiaren ekimenez ezarritakoa da, eta Habanarekin hitz egiten hasi aurretik Castroren gobernuak giza eskubideen arloan erreforma sakonak egin behar dituela dio.
Orlando Zapata preso disidente izandakoari eta Kubako «martiri» guztiei eskaini die Fariñasek Sakharov saria; benetako sariduna, bera ez, baizik eta Kubako disidentzia delakoan dago. Orlando Zapata otsailean hil zen, preso disidenteak aska zitzaten eskatzeko gose greba egiten ari zela.
Hain zuzen, gertakari hura salatzeko hasi zuen azken gose greba Fariñasek ere. Hiru bat hilabete egin zituen baraurik, harik eta Kubako Gobernuak 52 preso askatuko zituela jakinarazi zuen arte. Castroren gobernuaren aurka hamaika alditan gose greban egondakoa da Fariñas; azken honetan nazioarteko hedabideek emandako oihartzunagatik, baina, disidentziaren ikur bilakatu berria da.
Europako Parlamentuak lehendik ere saritu Kubako disidentzia: 2002anOswaldo Paya disidenteari eman zioten Sakharov saria, eta 2005ean Zuriz Jantzitako Damei. I.Z.
Disidentziarentzat saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu