AEB-ak

Diskurtso politikoa baretzeko deia egin du Obamak, Tucsongo erasoa gaitzesteko ekitaldian

2011ko urtarrilaren 13a
19:02
Entzun
Hitzaldi hunkigarria egin du Barack Obama AEBetako presidenteak Arizonako Unibertsitatean, joan den astean Gabrielle Giffords kongresukide demokratak jasan zuen erasoa gaitzesteko ekitaldian —Giffords larri zauritu zuen tiroka gizonezko gazte batek, eta beste sei lagun hil zituen—. Nazioarteko albiste agentziek agertu dutenez, une hunkigarri ugari izan dira ekitaldi horretan, baina bat nabarmendu da guztien gainetik: Obamak Giffords kongresukidea begiak zabaltzen hasi dela iragarri duenekoa. Batutako 14.000 lagunek zutik jarrita eta txaloka hartu dute albistea.

Era berean, hildako sei lagunak banan-banan aipatu ditu, eta horrek ere sentimenduak bor-bor jarri ditu Arizonako Unibertsitateko areto handian. Baina, horrez gain, mezu politikoa ere zabaldu du Obamak: hain zuzen ere, diskurtso politikoa baretzeko deia egin du. "Gure diskurtsoak muturrera hainbeste jo duen garai batean, munduan gertatzen diren oker guztien errua bestela pentsatzen dutenei botatzeko prest gaudenean, garrantzitsua da une batez geratu eta ziurtatzea besteei sendatzeko moduan hitz egiten diegula, ez zauritzeko moduan", esan du.

Gabrielle Giffords kongresukidea demokraten ekitaldi politiko batean parte hartzen ari zela tirokatu zuen gizonezko batek. Ikerketek agerrarazi dutenez, bultzada politikoz aritu zen gaztea, bat egiten baitzuen muturreko errepublikanoen jarrerekin. Hori dela eta, askok iritzi diote Tea Partyk demokraten aurka bultzatutako jarrera eta diskurtso gogorrak daudela Tucsongo tiroketaren oinarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.