Dogma handiak, gezur txikiak

Obama duela bi aste bezala, Paul Ryan lehendakariordegai errepublikanoa Nevada iparraldean izan da

Imanol Murua Uria.
Sparks
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Kamioientzako aparkaleku handi eta itzalik gabean milatik gora jarraitzaile bildu dira Paul Ryanen hitzaldia entzuteko Sparksen, Nevada iparraldean. Ostiral eguerdia da, eguzkiak gogor jotzen du, adineko hainbat lagun artatu behar izan dituzte beroagatik sorospen toldopean, baina hautagaia ordubeteko atzerapenarekin oholtza gainean agertu denean, jarraitzaileen beroak gain hartu dio basamortu ondoko bero lehorrari. Bi aste pasatxo baino ez dira Barack Obama hemen ondora etorri zela, Renora. Ezagun du garailea oraindik erabaki gabe duten estatuetako bat dela Nevada.

Ekonomiaz hitz egitera etorri da Ryan. Obamaren politikekin AEBetako ekonomiak hondoa jo duela etamilioika lanpostu galdu direla. Eta Mitt Romneyk erremedioa duela. Oholtza atzean dozena erdi kamioi handiren muturrak ageri dira eta, zintzilik, errepublikanoek joan den asteko konbentzioan haizatutako mezu nagusia: «Guk eraiki dugu». Alegia, gure dendak, gure negozioak, gure enpresak guk eraiki ditugu, ez gobernuak. Aparkalekua eskaini duen enpresaburuari zuzendu zaio Ryan, mezu bera azpimarratzeko: «You built it!» (Zuk/zuek eraiki duzu/duzue!). Obamari erantzuna da, gobernuak enpresak eraikitzen lagundu duela esan duelako. Obama «mutil txarra» ez dela esan du bi aldiz Ryanek, baina lanpostuak sortzen «oso txarra» dela. Romney, aldiz, «zintzoa, zuzena eta fededuna» izateaz gain, lider aparta da: enpresa pribatuan jardun duenean, arrakasta itzela izan du, «hamar milaka» lanpostu sortu ditu, eta Massachussettseko gobernadore izan zenean, zergak igo gabe aurrekontuak orekatzen jakin du.

Ryan jarraitzaileei hizketan ari zaien bitartean, aparkalekuko segurtasun hesitik kanpo gelditu den gizonezko batek afixa bati eusten dio, gora jasoz: «Lyin' Ryan». Paul Ryan beharrean, Ryan Gezurti. Ez dio besterik pankartatxoak.

Ustekabea izan zen Romneyk Ryan aukeratzea bikotekidetzat. Ez zegoen kinielatan. Gaztea eta sasoitsua (42 urte), sona handia hartu zuen denbora gutxian Kongresuan aurrekontuei buruzko borrokan nabarmendu zenean, artazirik handienak erabili nahi zituelako Obamaren administrazioa argaltzeko. Alderdiko sektore atzerakoienek bultzatuta Lehendakaritzarako primarioetan parte hartuko ote zuen ere zabaldu zen bere garaian, baina Romneyren ondoan lehendakariorde inor gutxik ikusten zuen. Eskuindarregia, garaipenaren borroka nagusia erdialdean jokatuko denean, botoa erabakitzeke duten moderatuen eremuan. Adibidez, bortxaketa eta intzestu kasuetan ere abortatzeko eskubidearen aurka dago Ryan, Romney ez bezala.

Horregatik, Romney-Ryan bikotea osatu denez geroztik, Alderdi Errepublikanoko sektore atzerakoiek eta aldi berean sutsuenek indar berria eman diote Romneyren kanpainari. Joan den asteko konbentzioan berotasun handiz hartu zuten delegatuek Ryan eta haren hitzaldia. Etxetik kanpo, ordea, egiari errespetu handirik ez dion hautagaiaren ospea hartu du Ryanek konbentzioko hitzaldiarekin. Hedabide askotan leporatu diote errealitatea nabarmenegi desitxuratu zuela: Bushen garaian itxitako fabrika baten itxiera Obamari leporatu zionean, adibidez; edo Kongresuan errepublikanoek atzera botatako ekimen bat aurrera eraman ez izana Obamari egotzi zioenean; edota osasun alorrean mozketak egin omen dituelako kritikatu zuenean presidentea, Ryanek berak mozketa handiagoak proposatu izan dituenean.

Berrogei hamalau milako

Motibo gehiago ditu, gainera, «Lyin' Ryan» pankartari eusten dionak. Irrati elkarrizketa batean esan zuen maratoia bi ordu eta berrogeita hamar minutuan egin zuela behin. Runners World erakundeak Ryanek esandakoa egiaztatzeko lana hartu zuen: lau ordu eta minutu bat behar izan zuen Ryanek, duela 22 urte, bizitzan egin duen maratoi bakarra bukatzeko. Urte asko direla eta ez zela ondo gogoratzen aitortu behar izan du. Coloradoko berrogei hamalaumilako igo zituela esan zion kazetari bati: alegia, Colorado estatuan 14.000 oinetik gorako (4.267 metro) 53 gailurretatik 40 igoak dituela. Progress Now Colorado elkarteari harrigarria iruditu zaio, eta probak eskatu dizkio jendaurrean. 28 gailurretan 40 igoera egin dituela argitu du gero Ryanek, kanpainako bulegoaren ohar baten bidez.

«Ronald Reagan gaztea»

Sparksen ez du, baina, egiaztatu beharreko balentriarik haizatu. Gezur txikiak bainoago, egia handiak. Datozen azarokoak «hemen gauden belaunaldi guztiontzat» bizitzako hauteskunderik garrantzitsuenak izango direla esan duenean, arrazoi eman diote publikotik: «Yeah! Yeah!». Ekonomia dago jokoan, baina ez hori bakarrik. Askatasuna, enpresa askatasuna, autodeterminazioa. Hori ere esan du: «Self-determination!».

Egia handiez ari dela, ezin fedeaz ahaztu. Ikusleen artean ere gogoan dute Goikoa. «Jainkoak bedeinka dezala Amerika: oraindik, kristau nazioa», dio jarraitzaile baten kamisetak. Badira gehiago: «Fedea, itxaropena, karitatea»; «Amerika: Jainkoaren graziak isuria». Eta jarraitzaileek txalorik beroenekin eta oihurik sutsuenekin erantzun diote, beste hainbat lekutan esandakoa Sparksen ere esan duenean: «Gure eskubideak Naturak eta Jaungoikoak emanak dira, ez Gobernuak!».

Alderdi Errepublikanoaren odol berria da. Aurkezleak sarreran esan du: «Ronald Reagan gaztea» gogorarazten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.