Dolomitetako glaziarrik handiena, desagertzear

Dolomitetako mendirik altuenean dago mendikateko glaziarrek handiena, Marmoladan. CNR ikerketa zentroak uste du 25 edo 30 urte barru desagertuko dela.

Marmolada mendiko glaziarretik geratzen dena. CONSIGLIO NAZIONALE DELLE RICERCHE
2019ko abenduaren 11
21:43
Entzun

Marmolada 3.343 metroko altuera duen menditzarra da, Dolomitetan kokatua. Haren iparraldeko aurpegian ikusgai dago mendikateko glaziarrik handiena, baina haren azkena begien bistan da. Italiako CNR Ikerketarako Kontseilu Nazionalaren arabera, Marmolada mendiko glaziarra 25 edo 30 urte barru desagertuko da. Lehenago, aurreikusten den bezala, tenperaturek gora egiten jarraitzen badute.

CNRren ikerketaren arabera, glaziarrak bere bolumenaren %30 galdu du 2004 eta 2015 artean, eta bere eremuaren %22. Horren ondorioz, glaziar plaka bakar bat zena zatitan banatu da. Zati horiek ere ez dute etorkizun luzerik. Ikertzaileen esanetan, «izotz plaka txikiak eta elur jausiek eragindako elur mantu bat» besterik ez da geratuko eremuan. Renato Colucci CNRko zientzialariak gehitu du 25 urteko epea ere ez dela ziurra: «Klima agertoki posibleek erakusten duten bezala, tenperaturek datozen urteetan erritmo biziagoan egiten badute gora, iragarpen hau gutxietsita geratu daiteke, eta glaziarraren desagerpena azkarragoa izango da».

Ez da Italian arriskuan dagoen glaziar bakarra. Alpeetako Mont Blanc mediko Planpincieux glaziarraren zati bat mugitzen hasi zen irailean, eta inguruko herritarrak arriskuan geratu ziren. Pirineoak ere ez daude salbu. Bertako glaziarren azaleraren %70 galdu da 1980ko hamarkadatik hona, eta mende honen erdirako baliteke bakar bat ere ez geratzea. Munduko mendi glaziarrak oro har ari dira jasaten berotze globalaren ondorioak. 1961etik 2016ra 9.600 milioi tona izotz galdu zituzten. Hemen zenbat gigatona izotz galdu den azken urteetan munduko mendi glaziarretan:

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.