Haitin piztu zen kolera epidemia Dominikar Errepublikara iritsi da. Herrialde horretako Osasun ministerioak jakinarazi duenez, kasu bat jada baieztatu dute, eta gehiago ere egon daitezkela oharatarazi dute, batez ere Juana Mendez herrian. Agintariek azaldu dutenez Haititik iritsi zen gizon batengan atzeman dute lehen kolera kasua. Segurtasun neurriak indartzea erabaki dute.
Haitian, bitartean, jada milatik gora dira hildakoak eta ia 17.000 gaixotasuna hartu dutenak. Urtarrilean Tomas urakanaren ondoren sortu da gaitza, eta dagoeneko segurtasun arazoak sortzen ari dira, haitiarren ustez Nazio Batuen Erakundearen soldaduek hedatu dutelako gaitza uhartean. NBEak Haitin duen misioak, ordea, istiluen atzean motibo politikoak daudela salatu du, "herrialdean egonkortasuna hausteko eta azaroaren 28ko hauteskundeak bertan behera uzteko".
Egoera larria da, batik bat isolatutako guneetan bizi direnenetzat, Gobernuz Kanpoko Erakundeek salatu dutenez, ez dutelako gutxieneko osasun zerbitzurik. Horregatik Osasunaren Nazioarteko Erakundeak ohartarazi du une honetan ez dela hain garrantzitsua gaitza non sortu zen jakitea, baizik eta gehiago ez hedatzea. "Aurrerago egingo dugu ikerketa, baina orain lehentasuna ez da hori", esan du Fadela Txaib OMSeko bozeramaileak, Genevan.
EPIDEMIA
Dominikar Errepublikara hedatu da kolera, eta jada lehen kasua atzeman dute
Haitin jada milatik gora dira hildakoak, eta ia 17.000 gaitzak jotakoak. NBEaren soldaduekin izan diren istiluen atzean motibazio politiak daudela salatu du erakunde horren misioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu