Analisia

Dominoa

Kristina Berasain Tristan.
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Nekez pentsa zitekeen gaur zortzi armarik gabeko iraultza bat gai izango zenik astebetean horren errotuta zegoen diktadura bat amaitzeko, are gutxiago gaur hilabete protestak abiatu zirenean. Horrelakoetan, agerian gelditu ohi da, matxinada kaleetan sumatzen hasten denerako, herritarren baitan aspalditik dagoela borborrean. Ben Aliren botereak betierekoa zirudien, baina karguan haren aurretik egon zenaren moduan hasi zenak —estatu kolpe batekin— haren moduan amaitu du —iraultza batekin—.

Aurreneko aldia da estatu arabiar batean herritarrek matxinada baten bidez kanporatzen dutela presidentea, doan atera ez bazaie ere—66 lagun hil dituzte egunotako protestetan—. Jazarpenak emaitzarik ez zuela ematen ohartu zenean, taktika aldatu, eta promesak egiteari ekin zion presidenteak, baina beranduegi zen hitz politetarako, bozetara berriro ez zela aurkeztuko hitz eman bazuen ere.

Tunisian aro berri bati ekin diote, eta etorkizunera begira zalantzak ugariak dira; batez ere, ez baita ziurra urratuta eta sakabanatuta dagoen oposizioa demokraziari ekiteko gai izango ote den, eta orain artean isilik egon den nazioarteko komunitatetik ezin baita bide horretan gauza handirik espero.

Kezka, baina, mugetatik haratago zabaldu da; Muamar el Gadafi eta Hosni Mubarak zertan ari ote diren da orain galdera; euren dimisioa eskatzeari ekin diote, eta ezaugarri historiko eta soziopolitikoak aintzat hartuta, ez litzateke ezustekoa izango dominoaren aurreneko pieza ekialdera erortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.