"Pentagonoak eta Irakeko gerrak aurpegi berria behar zuten", azaldu du George Bush AEBetako presidenteak Rumsfelden dimisioaren albistea baieztatu duenea. Egindako lana eskertu dio orain arte Defentsa idazkaria izan denari eta buruzagi "sendo eta irmoa" izan dela nabarmendu du.
Bushek azaldu duenez, bai Rumsfeldek eta bai berak Irakeko gerrari "beste ikuspegi bat" ematea beharrezkoa zela pentsatzen zuten. AEBetako presidenteak azaldu duenez, ez dute albistea lehenago plazaratu hauteskunde kanpainaren amaieran horrelako albiste garrantzitsua ez plazaratzearren. Joan den astean egindako adierazpenetan baina, Bushek azaldu zuen bai Rumsfeldek eta baita Dick Cheney presidenteordeak euren karguetan jarraituko zutela agintaldiaren amaiera arte, hots, 2009ko urtarrilera arte.
Etsigarria
George Bush AEBetako presidenteak onartu du hauteskundeetako emaitzak "etsigarriak" izan direla. Bushek esan du ez zuela horrelako emaitza bat espero eta onartu du estatubatuarrak ez daudela ados Etxe Zuriak Irakeko gerra kudeatzeko izan duen moduarekin. Hori dela eta, dei egin die demokratei eta independenteei "herrialdea aurrez aurre jartzen duten arazoak konpontzeko elkarrekin lan egitera".
Hauteskundeetako emaitzek, Bushen ustez, mezu argia helarazi diete politikariei: "Seinale argia da, herritarrek euren politikarien jarrera egokia nahi dutela erakusten du eta desio dute herrialdea aurrez aurre jartzen duten arazoak konpontzeko elkarrekin lan egitea".
Bushek onartu egin du herritarrak ez daudela kontent Irakeko gerra kudeatzeko moduarekin baina hala ere, azpimarratu du, ez duela porrotik onartuko Iraken. "Hauteskundeek gauza asko aldatu dituzte Washingtonen, baina ez presidentetzak AEBetako hiritarrak babesteko duen ardura", gaineratu du.
Demokratak nagusitu dira Ordezkarien Ganberan
Kongresua -Ordezkarien Ganbera zein Senatua- berritzeko hauteskundeak egin ziren atzo AEBetan, eta zenbaketa erabat amaitu gabe dagoen arren, orain arteko emaitzek argi utzi dute George Bush presidentearen Alderdi Errepublikanoa zigortu dutela hautesleek. Ezbairik gabe demokratek irabazi dituzte hauteskundeak. Ordezkarien Ganberan, lehenago errepublikanoenak ziren 18 barrutitan eskuratu dute garaipena eta 15 behar zituzten gehiengoa eskuratzeko.
Hauteskundeak AEBetan
Donald Rumsfeld AEBetako Defentsa idazkariak dimisioa eman du errepublikanoen porrotaren ondoren
George Bush AEBetako presidenteak jakinarazi du Donald Rumsfeld AEBetako Defentsa idazkariak dimisioa aurkeztu du. Era berean, AEBetako presidenteak azaldu du Robert Gates CIAko zuzendari ohiak ordezkatuko duela. Ordezkarien Ganberan nagusitu dira demokratak eta Senatuan ere bide onean doaz. Virginiako datuak besterik ez dira falta emaitza ezagutzeko. Telebistan zuzenean eman dute Bushen agerraldia eta AEBetako presidenteak onartu du ez zuela horrelako emaitza bat espero. Hautesleen mezua ulertu duela esan du eta demokratekin elkarlanean aritzeko prest agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu