Ukrainako armadak Dontsk hirian bonbardatu du azken orduetan, eta, gutxienez, bost pertsona hil eta 15 zauritu ditu. Tartean 11 urteko haur bat.
Gaur Kieven izan da Alemaniako kantzilerra, Angela Merkel, baina ez ditu aintzakotza izan Ukrainako armadaren erasoak. Aldiz, Errusiak bidalitako giza konboiak "Ukrainaren lurraldetasuna urratu" duela salatu du. Kievera heldu da Merkel, hango agintariekin gatazkaz hitz egiteko asmoz. "Ukrainako egungo egoeraz eta Errusiarekiko harremanez hitz egingo dute. Baina egungo krisi egoeran Ukraina babesteko aukera ere aztertuko dute", iragarri du Alemaniako enbaxadak. Bidaia baliatu Berlinek 500 milioi euroko laguntza iragarri du Kieventzat.
Etxean dira atzo Kieven baimenik gabe eta Mendebaldeko potentzien haserrea eragin zuten 262 kamioiak. Hala jakinarazi du, gaur goizean, Moskuk: "Zeramatena Luhansken utzi ostean, Errusiako lurretara itzuli dira kamioiak. Lehen ibilgailuek igaro dute dagoeneko Doneskeko kontrol postua".
Atzo heldu zen giza konboia Luhanskera. Kievek inbasiotzat jo zuen hura; izan ere, ez zien kamioiei muga igarotzeko baimenik eman, ez baitzuten Gurutze Gorriaren onespenik jaso. Gainera, 200dik gora kamioietatik soilik 34 ikuskatu zituzten mugazainek.
Mendebaldek ere gogor salatu zuen Moskuren erabakia. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak gatazkaren larriagotze arriskutsutzat jo zuen giza konboia Ukrainan sartu izana.