Ukrainako presidente Turtxinovek aitortu du segurtasun indarrak ez direla gai Donetsk eta Luhansk eskualdeetako egoera kontrolatzeko. "Dituzten ardurak betetzeko gai ez diren segurtasun indarreko kide oro kaleratua izango da, ez dago beste irtenbiderik; hori, edo Segurtasun Zerbitzuaren eta Poliziaren goitik beherako berritzea Ukrainaren ekialdean". Horrez gain, Turtxinovek errepikatu du Errusiak herrialdea inbaditzeko mehatxua "benetakoa" dela, eta armada adi dagoela. Kievekiko leialtasunez arituko diren eskualdekako miliziak sortzea proposatu du, uneko beharren arabera unitate horiek "azkar" mobilizatu ahal izateko. Istiluak beste eskualdeetara, batez ere Jarkov eta Odessara, ez zabaltzearen garrantzia ere azpimarratu du Ukrainako presidenteak.
Turtxinovek badu kezkatzeko arrazoirik. Izan ere, beste eraikin publiko bat, udaletxea, eta beste polizia etxe bat hartu dituzte gaur errusiazaleek Ukrainaren ekialdean, Gorlovka hirian, Efe albiste agentziak Ukrainako hedabideak aipatuz zabaldu duenez. Hogei laguneko talde armatu batek okupatu du.
250.000 biztanle inguru ditu Gorlovkak, eta Donetsk hiriburutik berrogei kilometrora dago.
Ukrainaren ekialdean erakutsi dute errusiazaleek indar gehien. Hainbat eraikin publiko eta polizia etxe okupatu dituzte gaur arte. Atzo bertan, Luhanskekoak hartu zituzten.