Jaka Horiak

Dozenaka atxilotu, Jaka Horien urteurreneko protestetan

Frantziako Gobernuak eta agintariek manifestazioak egiteko hainbat muga eta debeku eman dituzte, herritarren manifestazioak oztopatzeko. Poliziekin istiluak sortu dira Parisen eta hiri gehienetan.

Poliziak manifestariei oldartzen, larunbat honetan, Parisen. YOAN VALAT / EFE
2019ko azaroaren 16a
19:09
Entzun

Urtea bete du Jaka Horien protestak, eta berriro kalera atera dira, 53. asteburuz jarraian. Parisen, istiluak izan dira ostera, eta Poliziak ehun lagun baino gehiago atxiki eta identifikatu ditu, bai eta horietatik dozenaka atxilotu ere. Jaka Horiek urteurreneko protestak egitekoak zituztela jakinik, salbuespenezko neurri ugari hartu ditu Frantziak. Parisko garraio konpainiari agindu dio, esaterako, 23 metro eta tren geltoki ixteko larunbat honetan.

Hiru martxa antolatuak zituzten Jaka Horiek gaurko Parisen. Martxetako bat Champerreteko Atetik abiatu da, goizeko hamarretan. Zirkulazioa eten dute manifestariek, eta Polizia oldartu egin zaie. Negar gasa erabili dute, eta hor hasi dira eguneko aurreneko istiluak; barrikadak jarri dituzte manifestariek, eta oldartu egin zaizkie poliziak.

Hurrengo martxetako bat Italia plazatik ateratzekoa zen, 14:00etan. Prefeturak eskatu du legez kanpo uzteko deialdi hori, goizean goizetik istiluak gertatu direla argudiatuta. Baina plazara bildu dira manifestariak ostera; Le Monde egunkariaren arabera, 3.000 inguru. Eta berriro ere istiluak gertatu dira. Berri agentzien arabera, barrikadak altxatu dituzte manifestariek, eta gero su eman diete, baita denda batzuei eraso egin ere; besteak beste, HSBC bankuaren egoitza bati eta merkataritza gune bati.

Didier Lallement prefetak adierazi du «oso tinkoa» izango dela manifestari «bortitzen» aurkako ekinaldia. 18:00etarako, ehun lagun baino gehiago atxiki eta identifikatu dituzte poliziek, eta horietatik dozenaka atxilo eraman. Prefetak adierazi du kaleko kamerak aztertuko dituztela, jende gehiago atxilotzeko.

Manifestazioak egiteko leku debekatuak Parisen

Hiriburuko zenbait lekutan manifestazioak egitea debekatua zen bestela ere, eta horietan protestak egiten saiatu diren dozenaka lagun ere identifikatu dituzte, 70 baino gehiago. Eliseoko Zelaietan, Notre Dame katedralaren inguruetan, Asanblada Nazionalaren inguruan, Eiffel dorrearen inguruan, Matignongo jauregiaren inguruetan eta Saint Lazare tren geltokiaren ondoan manifestazioak egitea debekatu du gobernuak, besteak beste. Horietan atzemandako manifestariei isunak jarriko dizkietela esan du prefetak.

Beste hiri nagusi askotan ere egin dituzte manifestazioak Jaka Horiek. Naoneden, Marseilan eta Lyonen egin dituzten martxetan ehunka manifestari elkartu dira, eta Poliziak oldartu egin zaizkie han ere, negarra eragiteko gasarekin eta borrekin. Toulousen eta Bordelen ere egin dituzte protestak, beste leku askoren artean. Agintariek manifestazio debekuak ezarri dituzte hiri horietako askotan.

Ipar Euskal Herrian, errepidea itxi dute Jaka Horiek, goizaldeko zazpiak baino lehen; Biriatuko ordainlekuan jarri dira, AP-8 eta A-63 errepideak lotzen diren lekuan, eta blokeatu egin diete bidea kamioiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.