ATENTATUAK LONDRESEN

Dozenaka hildako eragindituzte lau leherketak

2005eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
G8 taldearen goi bileraren hastapenean estatu antolatzailearen hiriburua, Londres, bortizki astindu zuten atzo hainbat lehergailuk, lau tokitan. Erresuma Batuko Gobernuak hasieran hildakoak bi izan zirela esan arren, orduek aurrera egitean kopurua igo zuen. Salbamendu taldeek gorpuak eta zaurituak ospitaleetara eraman ahala, biktimen inguruko informazio zehatzagoa helarazten hasi ziren. Hala, arratsalde parterako jakin zen hildakoak dozenaka eta zaurituak 700 bat izan zirela. Lehen orduetan argindar mozketek eragindako leherketak izan zirela zabaldu zuten, baina aurki argi geratu zen atentatuak izan zirela. Al Kaedaren Europako Erakunde Sekretua deitutako talde batek bere gain hartu zuen erantzukizuna, Londresko gobernuak Afganistanen eta Iraken izandako esku sartzeagatik «mendeku» gisa.

Gutxi iraun zien britainiarrei 2012ko Olinpiar Jokuak Londresi egokitzeagatik herenegun izan zuten poza. Atzo goizeko 7:51 eta 8:30ak bitartean (ordubete gehiago Euskal Herrian) metro sarearen hiru puntutan eta bi solairuko autobus batean bidaiarien ibilbidea moztu zuten lau leherketak. Poliziak jakinarazi zuenez, zazpi pertsona hil ziren lehen leherketan, Aldgate East eta Liverpool Streeteko geltokien artean, hiriaren ekialdean. Hain justu, inguru horietan dago Londresko finantza zentroa.7.56ean (8:56, Euskal Herrian) King's Cross eta Russell Square geltokien artean zebilen metroaren unitatea hankaz gora jarri zuen bigarren eztandak, 21 pertsona hilda. Londresko erlojuek 8:17 markatzen zutenean, aldiz, zazpi bidaiari hil zituen Edgware Road eta Paddington geltokien artean izandako leherketak, zeinak hiru tren jo zituen. 8:30ean Tavistock Plazatik zihoan autobus batean beste eztanda bat izan zen. Poliziak esan zuen gutxienez bi hildako izan zirela, baina hainbat iturrik zioten gehiago izan zitezkeela. Lekuko baten ahotan, leherketak «sardina lata baten antzera» ireki zuen autobusa. Poliziak ez zuen baieztatu ekintzaile suizida baten erasoa izan zenetz.Londresko Poliziako komisariorde Brian Paddickek adierazi zuen inork ez zuela atentatuen aurretik oharkizunik egin. Erasoen ondorioz, Gleneagles herrian (Eskozia) herenegun gauetik bildutako G8 taldeko agintariek bertan behera utzi zituzten hainbat eztabaida, eta bileraren antolatzaile eta anfitrioi Tony Blair, Erresuma Batuko lehen ministroa, Londresera joan zen. Atentatuei «basati» iritzi zien. Al Kaedarekin lotutako taldeak webgune islamista batean argitaratu zuen atentatuen aldarrikapena, eta Elaph arabierazko webgune laikoak eta Alemaniako Der Spiegel egunkariaren web orriak zabaldu zuten. Poliziak ez zuen egiletzaren benetakotasuna berehala baieztatu, baina adituek adierazi zuten era koordinatuan eragindako leherketek Al Kaedaren ezaugarriak zituztela. «Argi dago Al Kaedaren estiloko eraso sorta dela. Ondo koordinatuak izan dira, gertakizun politiko baten [G8koen bilera] unean egin dira eta trafiko gehieneko orduan garraio sistemari eginiko eraso sorta izan da», azaldu zuen Londresko King's College Unibertsitateko Gerra Ikerketako irakasle Lawrence Freedmanek.Atentatuak beren gain hartu zituztenek Erresuma Batuak Iraken eta Afganistanen daraman ekinbidea gaitzetsi eta horretan oinarritu ziren «mendekuzko erasoak» egiteko. Gainera, Italia eta Danimarka mehatxatu zituzten, estatu hauek Iraken okupazio tropak dituztela argudiatuta.

Testigantzak

AP berri agentziak galdekatutako zazpi ospitale handik ezagutarazi zuten 358 zauritu hartu zituztela eta horietatik 120tik gora beren etxeetara joan zirela, artatu ondoren.

Londresko alkate Ken Livingstonek «masa hilketa» eta «bereizi gabe eginiko sarraski» iritzi zien atentatuei: «Hauek ez dira aberatsen eta boteretsuen aurkako eraso terroristak izan; londrestar arrunt eta langile klasekoei zuzenduak izan dira».Eztanden inguruko testigantzak aski grafikoak ziren. «Itxuraz, leherketa autobusaren atzealdean izan da. Sabaia zartatu eta 10 bat metro igo da; gero erori da. Dudarik gabe larri zauritutako jendea egon da. Aparkaleku bateko langile batek esan du uste duela giza haragi puska bat eskura erori zaiola», adierazi zuen, autobusaren aurkako atentatuaz Raj Mattook. «Aurreko autobusean nindoan eta danbateko izugarria entzun dut; burua jiratu eta bi solairuko autobusaren erdia airean ikusi dut. Hildako ugari egongo dira, autobus guztiak bete-beteta zihoazelako», azaldu zuen Belinda Seabrookek. «Dena normala zen. Bat-batean danbada ikaragarri batek trena astindu du. Kea ikusi dut nonahi, dena bero eta jendea izututa», izan ziren Jacqui Headen hitzak, King's Crossen.Bestalde, Israelgo enbaxadoreak esan zuen atentatuen aurretik Scotland Yardek (Erresuma Batuko Poliziaren agintea) eraso batzuen arriskuaz ohartarazi ziola Israelgo enbaxadari. Leherketetako bat izandako lekutik gertu konferentzia ekonomikoa antolatua zuen Tel Avivek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.