Sumatra uhartean, Indonesian, 6,3 graduko lurrikara batek dozenaka hildako eta ehunka zauritu eragin zituen atzo, baina behin-behinekoa da hango iturriek emandako kopurua. Epizentroa Sumatrako hiriburu Padangetik 50 kilometrora izan zen, mendebaldean, eta gutxienez 70 lagun hil zirela esan zuten, baina horiek Padangen kontatutakoak dira. «70 hildakoak Padangekoak dira soilik, baina beldur gara gutxienekoak izango direla, hainbat eremutan gehiago eragin baitu lurrikarak». Susilo Bambang presidentearen bozeramaile Sudi Silalahik esandakoa da hori.
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Laguntza Humanitarioko bulegoko ordezkari Elisabeth Byrsen arabera, ehunka dira hildakoak, baina 800 inguru ere izan daitezke, eta jada laguntza bidaltzeko bitartekoak jartzen ari dira .
Jende asko hondakinen azpian geratu dela eta, kopuruak gora egingo du, agintariek esan dutenez. Epizentroa Solok hiritik oso gertu izan zuen lurrikarak. Hango alkatearen arabera, etxe asko suntsitu egin dira, eta azpian jende asko geratu da: «Ehunka izango dira biktimak, eta egoerarekin ezin buruturik gabiltza». Solok hiriak 50.000 biztanle inguru dauzka.
Hainbat herri inkomunikaturik zeuden atzo, telefono sarerik gabe geratu zirelako, eta, hori dela eta, leku horietan zehazki zer gertatu den ez zegoen jakiterik. Batusangkarren astindu du gehien, eta ez zegoen modurik hango herritarrekin hitz egiteko.
Padangeko ospitaleak gainezka egin zuten lurrikara izan eta berehala, eta larri zaurituak eta haien senideak hartzea izan zuten lehentasuna. Fisikoki zauritutakoez gain, askok urduritasunak jota egin zuten ospitalera. Herritarrek dardara sentitu bezain laster, beldurra nagusitu zen kaleetan 2004ko abenduan Sumatra iparraldean izandako tsunamia oraindik gogoan. 160.000 hildako utzi zituen Indonesian. Alerta piztu zenean tsunamia ez zela zabaltzen saiatu ziren agintariak,baina herritarrek ez zuten berehalakoan sinetsi.
SINGAPUR ETA MALAYSIARAINO. Singapur eta Malaysiari ere eragin zien lurrikarak. Singapur hiritik ehunka lagun atera behar izan zituzten etxe orratzetatik, baina ez zuten kalteen inguruko informaziorik zabaldu, ezta Malaysian gertatutakoaz ere.
NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek «oso larritzat» jo du gertatutakoa, eta nazioarteko komunitatea mugitzeko ahal duen guztia egingo duela esan zuen.
Goizean gertatu zen, 10:49an-04:49 Euskal Herrian-, eta lehen astindua izan eta berehala, maila bereko erreplika bat izan zuen lurrikarak. 30 kilometroko sakontasuna izan zuen.
Indonesian oso maiz gertatzen dira lurrikarak, Pazifikoko gune arriskutsuenean dagoelako. Tsunamiaz gain, iaz maiatzean Java uhartea astindu zuen beste lurrikara batek, eta 5.800 hildako eta 33.000 zauritu inguru utzi zituen. Bi hilabete geroago beste lurrikara batek 600 lagun hil zituen, eta milaka zauritu eragin.
Dozenaka hildako eta ehunka zauritu utzi ditu Indonesia astindu duen lurrikarak
Zendutakoen kopuruak gora egingo duela diote; Sumatra uhartea jo du, eta 6,3 gradukoa izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu