MUNDUA

Dozenaka hildako gehiago izan dira Nigerian, beste eraso batean

118 lagun hil ziren atzo bi erasotan, bi auto leherrarazita, Jos hirian.

2014ko maiatzaren 21a
08:55
Entzun

Shawa herrian, Nigeria iparraldean, gertatu da erasoa, gauez. Kotxeen soinuak lehenengo, eta tiro hotsak entzun zituzten gero, herritik alde egitea lortu duen lekuko batek bertako hedabideei kontatutakoaren arabera. Shawa Chiboketik gertu dago —han bahitu zituzten 200dik gora neskatila—. Eferen arabera, 30 dira gutxienez bart gaueko erasoan hildakoak.

118 lagun hil eta dozenaka zauritu dira Nigeriako Jos hirian izandako eraso batean. Bi bonba-auto zartarazi dituzte hiriko azoka batean, Nigeriako Poliziaren arabera.

Hamabost minutuko tartearekin egin zuten eztanda bi autoek, tren geltokitik gertu, 15:00 aldera —Euskal Herrian 16:00 inguruan—. Azoka jendez gainezka zegoela eta erasoak "hondamendia" eragin duela aitortu du Nigeriako Larrialdiak Kudeatzeko Agentziako koordinatzaile Abdulsalam Abubakarrek.

Plateau estatuko hiriburua da Jos, eta Plateauko Gobernuko Informazio buru Olivia Dazyamek esan du ikerketa bat abiatu dutela gertatutakoa ikertzeko. Bestalde, erasoa gaitzetsi du Nigeriako presidente Goodluck Jonathanek.

Atzoko zein gaurko erasoak Boko Haram taldeari egotzi dizkiete, baina oraindik ez du inork horien ardura bere gain hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.