Nigeriako ipar-ekialdeko hainbat hiritan herenegun egindako atentatu odoltsuek dozenaka lagun hil dituzte. Lehen erasoa Maiduguri hirian izan zen. Erasotzaile suizidek bonba autoak leherrarazi zituzten armadaren eta informazio zerbitzuen egoitzen aurka —militarren arabera hiru erasotzaileak hil ziren—. Horren ondotik, baina, talde armatuek Damaturu hiriari tiroka eta bonbak jaurtiz eraso egin zioten, eta, Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, gutxienez 63 lagun hil zituzten.
Agintariek Boko Haram talde islamistari egotzi dizkiote erasoak. Daily Trust egunkarian eta AP agentzian ere aldarrikatu ditu ekintzak talde horren eledun Abul Qaqak. Boko Haramen inoizko ekintzarik gogorrena izan da. Aurten 240 hilketa egotzi dizkiote.
Elizak jomugan
Lekukoen arabera, Damaturuko erasotzaileek batez ere elizen aurka jaurti zituzten bonbak. Hirian barna tiroka ere aritu ziren. BBCren berriemailearen arabera, gorputegietan behintzat 92 gorpu egon daitezke pilatuta. Ondoko Potiskum hirian ere eraso batean gutxienez bi hildakoren berri eman dute.
Dozenaka lagun hil dituzte Nigerian hainbat erasotan
Ipar-ekialdeko hainbat hiritan lehergailu bidez eta tiroka egin dituzte atentatuak; islamistei egotzi dizkiete erasoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu